Nafarroako PAI ereduko eskoletan euskara orduak murriztuko dira
Iazko maiatzean Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuak 57/2024 foru agindua onartu zuela ekarri zuen gogora Euskalgintzaren Kontseiluak eta, orain, Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programa (AHIP, gaztelaniazko PAI) darabilten ikastetxeak 2025-2026 ikasturtean atzerriko hizkuntzen irakaskuntza orduak handitzera behartzen ari dela salatu zuen atzo. «Euskararen kaltetan. Atzerapauso oso larria dela deritzogu», nabarmendu zuen.
Foru agindu berriak ingelesezko ikastorduen minimoa eta maximoa handitzen dituela baieztatu zuen Kontseiluak. «Beraz, euskararen presentzia eta erabilera txikituko ditu Nafarroako Gobernuak». Neurri honek «bereziki» Haur Hezkuntzako 2. eta 3. mailei eta Lehen Hezkuntza osoari eragingo diola adierazi zuen, «euskararen ikastorduak gehiago murriztuz».
D-PAI EREDUA BALIOGABETZEKO ALDARRIA
Honela, Sarriguren, Buztintxuri eta Tafallako eskoletan sortutako egonezinaren berri izan zuen Kontseiluak. «Zehazki, D-PAI ereduko eskoletan, Haur Hezkuntzako 2. eta 3. mailetan atzerriko hizkuntzen gutxieneko 3 saiotik 4ra igo dizkie Hezkuntza departamentuak, euskarazko saio bat murriztera behartuz gutxienez. Lehen Hezkuntzan are larriagoa da, gutxieneko 6 eta gehienezko 9 saiotik gutxieneko 7 eta gehienezko 12ra igotzera behartu baitituzte».
Hori dela eta Nafarroako Gobernuari eta Hezkuntza departamentuari foru agindua baliogabetzeko eta egoera horri irtenbidea emateko exijitu zieten Kontseiluko kideek.

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
