GARA
GASTEIZ

Letretako irakasle baten erasoen salaketengatik protokoloa hasi du EHUk

EHUk genero indarkeriaren aurkako protokoloa abiatu du, Arabako campuseko Letren Fakultateko irakasle batek egindako jazarpen eta ukituak salatu dituztelako. Unibertsitate publikoak atzo ohar batean jakinarazi zuenez, «berehalako erantzuna» ematen ari da Gobernu Taldea, Berdintasun Zuzendaritzarekin elkarlanean. «Beharrezko neurriak hartuko dira, protokoloak zehazten dituen urratsei jarraituta».

EHUk onartu zuen salaketa «formal» batzuk jarri dituztela irakasle honen aurka. Errektoretza taldeak gertaeren berri jakin orduko hasi du protokoloak markatzen duen prozedura.

«Unibertsitatearen lehentasuna kolektibo guztien eskubideak bermatu eta babestea da, bereziki, biktimenak», azpimarratu zuen komunikatuan.

Unibertsitateak erantsi zuen erakundea «tolerantzia eta errespetu eremu» izan dadin, bertako kolektibo guztiak daudela engaiatuta, «bai ikasleak bai langile guztiak. Horren erakusle da azken boladan daukagun salaketen ugaritzea, Errektoretza taldean erabateko lehentasunez kudeatzen ari dena», nabarmendu zuen.

Hain zuzen ere, ikasturte honen hasieran EHUk irakasle bat apartatu zuen, iruzkin matxista eta arrazistak zabaldu zituela-eta. Ikasleen mobilizazioa gakoa izan zen kasua salatzeko. «Hau ez da kasu isolatu bat, hau ematen ari den olatu faxista eta balore erreakzionarioen gorakadaren ondorio zuzenetako bat da», ohartarazi zuen orduan Ikamak.