Ritxi AIZPURU
Musika pentsalaria

Musikaren kolektiboak

Aurreiritziak ditut eta ondorengoei defendagarri irizten diet. Mezua mezulariak kokatzen du beti, edo gehienetan. Eztabaida guztiak eta komunikazio-kanal guztiak ez dira baliozkoak. Zorrotza izatea merezi du. Zorroztasun handiagoa exijituko diogu gu zapaltzen gaituen botereari; hots, zorrotzagoak izan behar dugula Estatuarekin, ditugun atzamar guztiekin. Gai garrantzitsuei buruz (edo ez) hitz egitean zintzo-zorrotzak izan behar dugu. Instantzia ofizialetik datozenean, Jaurlaritzakoak adibidez, sarri ez ditut gustuko. Demagun, Euskal Komunitate Autonomoa. Hiru hitzekin, banaka, bat egiten dut, baina testuinguru eta marko zeharo desberdin batean. Ez da “euskal”, baskongadak baino. Komunitatearen jatorri politikoa espainiar trantsizio “frankistari” dagokio, eta Herriak mespretxatzeko baino ez ziren erabili. Hor, Herriaren ordezkoa ezin da izan Komunitatea. Kolektiboak, komunitateak, kidetasunak eta antzeko pentsamendu eta jarrerak dituztenen arteko harreman askeak sortzeko balio dezakete. Komunitate-kolektiboaren indarra. Autonomia da hirugarren hitza, edo kate motzean jarduteko aukera utzi edo onartuko diguna instantzia ofizialaren Estatu hertsatzaile eta zapaltzaileak. Badira, ordea, beste autonomiak. Borroka armatuaren garaian “autonomoak” ere izan ziren. Politika ez profesionalean, hainbat kolektibo autonomoren ibilbideek pentsamendu bakarrari aurre egin diote. Musikan ere komunitate eta kolektiboaren indarra usu da epizentro taldeetan, letretan eta jokamoldeetan.