Sanmarkosene egoitzako beharginek akordioa sinatu dute
Sanmarkosene egoitzako langileek Gureak enpresarekin akordioa sinatu dute, 81 egunez greba egin eta gero. Hobekuntzak lortuko dituztela eta, akordioa sinatu dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek.

Errenteriako Sanmarkosene egoitzako langileek akordioa sinatzea lortu dute, 81 egunez greba egin ondoren. Zahar-etxea Gureak enpresak kudeatzen du eta 125 pertsona inguru lanean ari dira bertan, ia denak emakumeak. Azaroaren 18an grebari ekin zioten, gerokultoreei enpresak lan baldintzetan aldaketa bat planteatutakoan.
Lanuzteen amaierako akordioa asteartean sinatu zuten enpresak eta ELA, LAB eta ESK sindikatuek Gipuzkoako Lan Ordezkaritzan. Izan ere, langileen eskaera gehienak jaso dituzte akordioan, ELAk atzo ohar batean aditzera eman zuenez. Kaleratzerik ez da izango, eta gaur egun lanaldi partziala duten langileak %60ko kontratuak izatetik %81etik gorako jardunaldia bermatuta izango duten kontratuetara igaroko dira.
Horrez gain, eguneko lan txandetan gerokultore gehiagok lan egingo dutela ezagutarazi zuen sindikatuak eta, txanden iraupen berria dela-eta, urtean zehar librantza egun gehiago izango dituztela. Azken neurri hauek sektorean bizi dituzten lan karga handiak leuntzea dute xede, eta sindikatuek begi onez ikusten dituzte, lana eta bizitza pertsonala uztartzea erraztuko dutela iritzita. Halaber, uste dute, lan baldintzen hobekuntzarekin batera, egoiliarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitateak ere hobera egingo duela.
ELAk oharrean nabarmendu zuen «akordio onak» eskuratzeko grebek eta mobilizazioek duten garrantzia; eta eskerrak eman zizkien lagun izan dituzten pentsiodunei, senideei eta bestelako eragileei.
81 EGUNEKO GREBA
Azaroaren 25ean ekin zioten greba mugagabeari Sanmarkoseneko langileek, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Lanuzteek iraun bitartean mobilizazioak egin dituzte, akordioaren bidez eskuratu dituzten hobekuntzak eskatzeko. Gatazka garaian Gipuzkoako Foru Aldundiari leporatu diote hura konpontzeko «ezer ez egitea», eta langileek azpimarratu dute zaintzak «publikoa izan beharko lukeela».

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete
