GARA
BILBO

Hezkuntzartea, «hezkuntza eskubidea bermatzearen alde»

Teknologia digitalen erabilera arrazoitua, eskoletako klaustroetan erabakitzeko eskubidea bermatzea, irakasleenganako konfiantza berreskuratzea eta berrikuntza metodologikoak kontrastatzea eskatzen du atzo Bilbon aurkeztu duten Hezkuntzartea elkarteak.

Bilboko Bira kulturgunean aurkeztu zuten atzo Hezkuntzartea elkartea.
Bilboko Bira kulturgunean aurkeztu zuten atzo Hezkuntzartea elkartea. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Hezkuntzartea elkartea aurkeztu zuten atzo Bilboko Bira kulturgunean. Dozenaka irakasle hurbildu ziren bertara proposamena ezagutzera, babesa adieraztera eta eztabaidan parte hartzera.

Hizlariek hezkuntza sistemaren inguruko irakurketa kritikoa partekatu zuten eta azpimarratu irakasleen artean egoerarekiko nekea sumatzen dela. Ezinegon hori bideratzeko, lehen pauso gisa manifestua aurkeztu zuten, eta irakasleei parte hartzeko eta eskoletan eztabaida sustatzeko gonbita egin zieten.

Manifestuan lau aldarrikapen azpimarratu zituzten: teknologia digitalen erabilera arrazoitua, eskoletako klaustroetan erabakitzeko eskubidea bermatzea, irakasleenganako konfiantza berresku- ratzea eta berrikuntza metodologikoa praktikara eraman aurretik kontrastatzea.

ATZERANZKO URRATSAK

«Erabat konprometituta gaude hezkuntzarako eskubidearekin. Hala ere, gure lana etengabe ezbaian nola jartzen den ikusten dugu», agertu ziren kexu. Alde horretatik, «eremu pribatutik datozen moda pedagogikoak» lehenesten direla kritikatu zuten, eta hauek ez daudela «nahikoa kontrastatuta» esan zuten Biran egindako aurkezpenean.

Norabide horretan, erakundeek «milaka euro xahutu» omen dituzte, «gure ikasleen datuak, modu honetan, nazioarteko korporazioei oparituz».

Hezkuntzarteako kideen iritziz, honek «atzerakada nabarmena» ekarri du gazteen «irakurtzeko eta adierazteko ahalmenean», baita matematikan eta beste zenbait gaitan ere, nerabeek pantailekiko duten mendekotasuna elikatuz.

«Are gehiago, eskola publikoa korporazio pribatuen logikari jarraituz kudeatzea bultzatu da», baieztatu zuten.