Asier AIESTARAN
PILOTA

Mariezkurrena sasoiko iritsiko da osteguneko partidara

Jokoan ezer ez izan arren, Berriozarreko atzelariak erakustaldi aparta eman zuen Bizkaia pilotalekuan eta Mikel Urrutikoetxea ordezkoaren laguntzarekin aise menderatu zituzten Salaberria eta Rezusta.

Mariezkurrenak asko gozatu zuen pilota eta hiru errebote argi sartu zituen.
Mariezkurrenak asko gozatu zuen pilota eta hiru errebote argi sartu zituen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Atzo jokatu ziren Binakako Txapelketa nagusiko bi partidetan ez zegoen gauza handirik jokoan, baina gutxienez ikusi zen Jon Mariezkurrena sasoi bikainean iritsiko dela datorren asteburuko play-offetara. Berriozarreko atzelariak erakustaldi aparta eman zuen Bilboko Bizkaia pilotalekuan eta Mikel Urrutikoetxea ordezkoaren laguntzarekin 22-11 menderatu zituzten Salaberria eta Rezusta.

Ligaxka laugarren amaitu duten Elordi-Zabaleta -ostiral gauean 21-22 menderatu zituzten Jaka eta Eskiroz- eta Artola-Mariezkurrena II.a datorren ostegunean neurtuko dira Tolosako Beotibar pilotalekuan. Irabazlea finalerdietan sartuko da eta galtzaileak beste aukera bat izango du igandean Eibarko Astelena pilotalekuan.

Urrutikoetxea eta Mariezkurrena oso ongi sartu ziren partidan, markagailuan 5-0 aurreratuz. Mariezkurrena nagusitu egiten zen atzeko koadroetan eta Urrutikoetxeak ongi baliatu zituen bere aukerak aurrean. Ezker airez hiru tanto egin zituen jarraian lehen txanpa horretan.

Giroa hotz samarra zen, ordea, tentsio falta nabaritu egiten zelako, eta Mariezkurrenak berak ere egin zituen pare bat opari. Apurka-apurka urdinak berotzen joan ziren eta markagailua parekatzeko gai izan ziren seinakoan. Iker Salaberriak pare bat tanto on egin zituen, Urrutikoetxeak hutsen bat ere bai gero, eta aurretik ere ipini ziren 6-7koan.

Baina parekotasuna, baldin bazegoen, hortxe amaitu zen. Mariezkurrenaren agintea nabariago egiten joan zen heinean handitu ziren markagailuan aldeak. Urrutikoetxeak pare bat erremate eder egin zituen lehenik, eta gero atzelariaren bonbardaketa hasi zen. Mariezkurrenak hiru errebote argi-argi sartu zituen Rezustaren etsipenerako.

Markagailuan zer eginik ez zegoela ikusita, minik ez hartzea bilakatu zen pilotarien lehentasun nagusi, eta, zorionez, halaxe izan zen.

«Helburua ligaxka sentsazio onekin amaitzea zen. Hori lortu dut, pilota ederki sartu zait eskuan hasieratik, eta pozik amaitu dut. Jada osteguneko partidan pentsatzen hasi behar dugu», adierazi zuen Jon Mariezkurrenak demaren amaieran.

«Partida gogorra izango da. Elordik eta Zabaletak ez dute beren mailarik onena eman oraindik, eta, hala ere, laugarren amaitu dute ligaxka. Alde ona da galduta ere beste aukera bat edukiko genukeela, baina ez dugu horretan pentsatzen, ostegunekoa irabaztera irtengo gara», gehitu zuen atzelari nafarrak.

Mikel Urrutikoetxea ere pozik zen, txapelketan jokatzeko aukera izateagatik, ordezko gisa aritu arren. «Jonekin jokatuta dena askoz errazagoa da. Azkenaldian pozik nabil. Buruz buru jokatzea jada gehiago kostatzen zait, adinarekin txispa galtzen duzulako, baina binaka gustura nabil, tantoa amaitzen eroso».

GAZTEEK EZIN LABRITEN

Bilbon galdu arren, Ezkurdia-Rezusta izango da ligaxka lehen postuan amaituko duen bikotea, hori eragozteko aukera zuen beste bikoteak ere, Laso-Iztuetak, galdu egin zuelako Iruñean. Hori bai, Senar gaztea aritu zen Lasoren ordezko gisa, are gazteagoa den Martxel Iztuetarekin. Lehen erdi parekatuaren ostean, Peio Etxeberria eta Martija 20-13 aurreratu ziren, eta azken emaitza 22-17koa izan zen.