Azkonaren une gozoak garaipena eta hirugarren postua utzi ditu Bilbon
Nafarraren golek erabaki zuten derbia. Zuri-gorriak nagusi izan ziren tarteka lehen zatian, baloia gehienbat Realekoen oinetan egon zen arren, eta eraginkorragoak ate aurrean partida osoan. Talde gipuzkoarrak ez zuen amore eman baina nekea nabaritu zuen partidaren azken txanpan.

«Dinamika negatibo luzea pasatu dut, eta orain, behin lehen gola sartuta, dinamika onean sartzeko gogoz nago, normala denez. Sevillan hasi zena San Mamesen luzatu ahal badut, gure zaleen aurrean eta Realaren kontra, askoz hobeto», esan zuen Ane Azkonak derbiaren atarian GARAri emandako elkarrizketan. Esan eta egin, aurreko igandean Betisi bi gol sartu ondoren, denboraldiko lehenbizikoak, San Mamesen errepikatu baitzuen, Athleticen garaipenari bere izena jarriz. Zuri-gorriak nagusi izan ziren lehen zatian, baloia gehienbat Realaren oinetan egon bazen ere, eta atsedenaldiaren ondoren, kontraerasotuz erantzun zioten nekea nabaritzen amaitu zuen talde gipuzkoarraren erreakzioari. Reala zelaian eta sailkapenean gainditu bakarrik ez, Europarako txartela ematen duen hirugarren postura igo dira bilbotarrak, Atleticok Coruñan berdindu baitzuen.
Ligaren etenaldia gustura disfrutatuko dute, madrildarrei puntu bat eta donostiarrei hiru ateratzen dizkietela ikusita.
Eskertuko du lasaitasunaz gozatzea Realak ere. San Mameseko soropilean gertatu zena, izan ere, ezin da aldendu taldeak urtea hasi zenetik eta bereziki azken bi aste hauetan pilatu dituen partiden zamatik. Atzo hasieratik jokatu zuten bederatzi futbolari ostegunean Real Madriden aurkako Kopako kanporaketaren hamaikakoan izan ziren; horietako seik Deportivoren kontra ere hasieratik jokatu zuten aurreko asteburuan; bost dira (Emma, Apari, Lucia Rodriguez, Andreia eta Cahynova) bi aste hauetako bost partidetako hamaikakoan egon direnak eta Lucia Rodriguezek, gainera, bost neurketa horiek oso-osorik jokatu ditu.
Ondo zekien hori derbia prestatzeko aste osoa izan duen Athleticek eta, espero zen bezala, intentsitate altuz ekin zion neurketari, Julia Arrula -atezain gaztea aukeratu zuen Sanchez Verak zigortuta zegoen Lete ordezkatzeko, Olatz Santana aulkian utziz- exijentzia goreneko debuta izatera behartuz. Sekulako nortasuna erakutsi zuen 19 urteko tafallarrak, partidako lehen jokaldian ausardiaz irten baitzen areatik Clara Pinedori baloia kentzeko eta, berehala, Elexpururen errematea zutoinaren alboan kornerrera bidaltzeko. Ederki estutu zuen Athleticek talde donostiarra lehen txanpa horretan, baina ez zuen asmatu eta, arnasa hartuta, bisitariek baloiaz jabetzea lortu zuten, pauso bat aurrera emateko eta Nanclaresi hurbilagotik begiratzeko. Lana izan zuen Mirandakoak eta, ordu laurdena bete zenerako, Amaiurren eta Eizagirreren erremate banari erantzun behar izan zien.
HELDU ETA JO
Minutuak eman zituen Athleticek baloia lapurtu ezinik eta, beraz, arriskua sortu barik. Baina, aukera izan zuenean, ez zuen barkatu. 27. minutuan, Clara Pinedok eskumatik egin zuen korrika, Izarneri eta Apariri bizkarra hartuz, eta bere erdiraketa bultzatu besterik ez zuen eginbehar izan Azkonak, area txikian ezin hobeki kokatuta.
Donostiarrek ez zuten etsi eta haserretzeko arrazoia ere izan zuten, epaileak ez baitzuen ikusi Leire Bañosek Mirariri area ertzean egindako falta argia. Edozein kasutan, atsedenaldira bitarte sortu zen aukera nabarmenena etxekoena izan zen. Aparik urrundu behar izan zuen baloia marra albotik, Azkonak Elexpururen erdiraketa buruz errematatu ondoren.
Vilariño Amezagaren ordez zelairatu eta arbeleko marrazkia zertxobait aldatu zuen David Aznarrek atsedenaldian. Sanchez Verak Lezetaren eta Ceciren freskotasunarekin erantzun zuen, eta tarte batez bere taldeak arrisku dezente sortu zuen berriro, batez ere eskuin hegaletik. Izarne berdinketa lortzetik oso gertu egon zen, baina Nanclaresek harrapatu zuen bere burukada ona. Eta ondoren Lucia saiatu zen, Cecik bigarren zutoinera ateratako falta batean.
Realari falta izan zitzaion eraginkortasuna haren aurkariak izan zuen, bigarren zatian izandako lehenengo aukeran 2-0koa sartuz. Vilariñok erdiratu zuen eta Arrularen zalantzak eta Ortegaren ukitua aprobetxatuz, Azkonak beste burukada batez erabakita utzi zuen derbia.
Oraindik ere donostiarrek erantzun zuten eta Nanclaresek berriro agertu behar izan zuen Amaiurren bolea bat gelditzeko. Baina azken asteotan pilatutako nekeak eta markagailuko aldeak bat egin zuten, eta azken ordu erdian lasai jokatu ahal izan zuen Athleticek.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
