Asier AIESTARAN
PILOTA

Peñak eta Albisuk uste baino errazago aurkitu dute play-offetarako bidea

Jokin Altunak eta Iñigo Bikuñak itxura eskasa eman dute ligaxkako neurketa erabakigarrian, eta Donostiara joan diren zaleen zoritxarrerako ez da partidarik egon. Peña eta Altuna nahiko kritiko agertu dira aste honetan gertatu den guztiarekin.

Jon Ander Peñak oso serio jokatu zuen Donostiako partida erabakigarria.
Jon Ander Peñak oso serio jokatu zuen Donostiako partida erabakigarria. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Peña II.ak eta Albisuk play-offak jokatzeko txartela eskuan dute, ligaxkako azken partida erabakigarrian Altuna III.a eta Bikuña nagusitasun osoz menderaturik. Aspekoek hasiera tamalgarria eman zioten neurketari (0-10) eta zaleak partidarik gabe geratu ziren.

Hurrengo asteburura ilusioz beteta iritsiko dira Peña eta Albisu, ligaxkari amaiera oso ona eman baitiote. Lehen itzuli kaxkar baten ondoren, Baikoko bi gipuzkoarrek zazpi partidatik bost irabazi dituzte bigarren itzulian, azkena atzo, uste baino askoz errazago. Pilotalekuan giro aparta, egun garrantzitsuetakoa... baina ez zen ikuskizunik izan.

Gorriak oso gaizki sartu ziren neurketan. Jokin Altunaren huts batekin lortu zuten lehen tantoa urdinek, eta hurrengo errestoan ere ez zuen asmatu amezketarrak. Hasiera bizia eman nahiko zion norgehiagokari, erritmoa sartu, Bikuñari lasaitasuna eman eta aurkariak urduritu... baina justu kontrakoa gertatu zen.

Donostiako atzelariarentzat egun delikatua zen: Aranguren «arrazoi teknikoengatik» kendu eta txapelketan bera sartu, partida erabakigarri batean, etxean bertan... Eta hasieratik oso galtzaile ibili zen. Hasiera horretan bizpahiru pilota goiko koltxoira bidali zituen, bote arraro bat ere egin zion pilota batek... Dena aldrebes. Ehun pilotakada jo gabe 0-10 galtzen ari ziren gorriak.

Aspekoen lehen tantoa Albisuk gora bidalitako pilota batean iritsi zen, zaleentzat esperantza txiki bat piztuz. Pilota aldatu eta egoera iraultzeko aukera izan zezaketen Altunak eta Bikuñak. Baina ez zen halakorik gertatu. Albisuk bikain atzeratutako pilota batekin sakea berehala berreskuratu zuten urdinek.

Eta halaxe joan zen neurketa amaierara arte. Albisu oso fresko atzean, Peña serio aurrean, Altuna inolako aukerarik gabe eta Bikuña erreboteko zulotik nola irten asmatu ezinik. Gorriek egin zituzten lau tantoetatik hiru urdinen hutsak izan ziren; laugarrena Altunak maisuki jotako horma-bikoa, egin zuen lehen tantoa eta bakarra... 3-21ekoan.

«ERRESPETU GEHIXEAGO»

Partida osteko adierazpenetan, Peña nahiko kritiko agertu zen astean zehar hartutako erabakiekin. «Iñigok aste honetan izan duen presioa eramatea ez da erraza», esan zuen lehenik, eta gero Aitor Arangurenekin gogoratu zen. «Uste dut pilotariok errespetu gehixeago merezi dugula. Ea gure artean hitz eginez horrelako gehiago ez diren gertatzen eta hau izaten den azkena», aipatu zuen.