GARA
IBERIAREN BOEING 727 BATEN ISTRIPUA

Oiz mendia: 40 urte geroago oroitzapenak bizirik dirau

Bizkaiko Oiz mendiko istripua gertatu zela 40 urte bete dira gaur. Madrildik Bilbora zetorren hegazkin batek ezbeharra izan zuen, eta bidaiari zein langile guztiak hil ziren istripuan, hegazkinean zihoazen 148ak. Kazetari edo argazkilari gisa lekuko izandakoek gogoan dute otsailaren 19 hura oraindik, bai eta ondorengo egunak ere.

Hegazkin zatiak Oiz mendiko pinudietan barreiatu ziren erorketaren ondoren.
Hegazkin zatiak Oiz mendiko pinudietan barreiatu ziren erorketaren ondoren. (Javier GALLEGO | EGIN- KUTXATEKA)

Bilboko aireportuan lur hartu behar zuen hegazkina Oiz mendian erori zela 40 urte bete dira gaur. 148 hildako utzi zituen istripuak, eta ez zen inor bizirik atera. “Artefaktua” artikulu sailean gertakaria gogoratu zuen Beñat Zaldua kazetariak. Oiz mendiaren magaletako baserritarrekin mintzatu zen Joxean Agirrek, nola oroitzen zuten jaso eta lehen orduan bertatik bertara ikusitakoak nolakoak izan ziren bildu zuen ‘‘Egin”-en bi hamarkada geroago argitaratu zen erreportajean.

Istripuari jarraipena egin zioten kazetari batzuekin gogoratu du Efe komunikazio agentziak gertakari hura. «Min handiz» gogoratzen dutela kontatu dute, eta Oizetik igarotzen direnean oraindik ikara sentitzen dutela. Pilotuen sindikatuak, gertakarien urteurrena hurbiltzearekin batera, Bilboko aireportuaren segurtasuna hobetu izana positiboki baloratu zuen, eta gaineratu «bereziki konplexua» dela orografiarengatik.

ISTRIPUA, NOIZ, NOLA ETA ZER

1985eko inauterietako asteartea zen, Madrildik zetorren Iberiaren Boeing 727 batek hurbiltzeko maniobra hasi zuela adierazi zion Sondikako aireportuari, eta 08.22an erregistratu zen kontrol dorrearen eta aireontziaren arteko azken komunikazioa.

Handik minutu gutxira, hegazkinaren ezkerreko muturrak 1.000 metrora zegoen ETBren antena bat jo zuen. Ezkerreko hegala askatu zen, eta horrek hegazkina «kontrolatzeko aukerarik gabe» utzi zuen, hegazkina azkenean mendian eroriz. «Pinuz estalita zegoen Oiz mendiaren ipar-mendebaldeko hegalean aireontzia erabat suntsitu zen», eta ibarbide batean amaitu zuen, Abiazio Zibileko Istripuen Ikerketa Batzordearen (CIAIAC) txostenak deskribatzen duenez. Ikerketa horren arabera, tripulazioak altimetroaren irakurketan egindako akats batek eta abisuen interpretazio oker batek hegazkinak segurtasun altueraren azpitik hegan egitea eragin zuten. Eta ondorioz, antenarekin talka egin zuen. Txostenak jasotzen duenez, karta aeronautikoan ez zen antena hori ageri.

Istripuaren goizean lanbroak eta behe lainoak hartua zuen Sondika. Lucia Aranegak, Sepla pilotuen sindikatuko Sail Teknikoko zuzendariordeak eta istripuen ikerketan adituak, gogorarazi du: «Zerua oskarbi egon balitz, antena ikusiko zuketen. Istripua eragin zuen beste faktore bat antena hori seinaleztatuta ez egotea izan zen, baita hegazkinak zeukan altimetroaren modeloa ere, argi eta garbi».

Sepla pilotuen sindikatuko Sail Teknikoko zuzendariordeak ezagutzen zuen Boeing 727 hura, «eta bere altimetroak besteek baino denbora eta arreta gehiago eskatzen zuen interpretaziorako. Orain tresna digital askoz sinpleagoak eta zehatzagoak dira», adierazi du.

«Asko hobetu da hurbiltzen laguntzeko kalitatea» 1985etik, eta Aranegak esan du pilotuen entrenamenduan ikastaroak egiten dituztela, Bilboko aireportua adibide gisa hartuta, «ezaugarri zailagoak dituelako», orografiarengatik eta hego haizearekin sortzen diren zurrunbiloengatik.

Oiz mendian hil ziren 141 bidaiariak eta tripulazioko 7 langileak. «Ez zegoen bizirik irauteko aukerarik», adituen arabera. Eta gorpu bakarra geratu zen osorik: hilkutxa batean zihoan Getxoko gizon baten hilotza.

Lakuako orduko Barne sailburuak, Luis Maria Retolazak, eta Gobernu espainolak EAEn zuen ordezkariak, Ramon Jaureguik, koordinazio mahai bat inprobisatu zuten inguru horretan, Guardia Zibileko agenteekin eta hasi berria zen Ertzaintzarekin, suhiltzaileekin, Gurutze Gorriarekin eta DYArekin batera, eta inguruko bi kilometrotan barreiatutako gorpuak jasotzeko lanak antolatu ziren.

NOLA KONTATU ZUTEN

Orduko argazkilarien ustez, aireontziak laga zuen korridore «irudiekin hunkitzen da oraindik Euskal Herria»; izan ere, pasaeran dozenaka pinu moztu zituen, «suebaki baten antzera». Hegazkinaren zatiak adarretatik zintzilik eta mendian zehar geratu ziren, giza hondakinen, arropen, maleten eta zapaten artean.

Istripuaren berri izan ondoren, Alberto Martin Efeko argazkilaria Gasteiztik hara abiatu zen, eta mendian oinez igotzea «zein gogorra izan zen» gogoratu du, eszena harrapatzeko perspektiba nahikoa izan arte oinez mendian gora ibili behar izan zuela azaldu du. Oraindik ikaratu egiten da leku hartan sentitu zuen «isiltasunaren zirrararengatik».

«Kazetariak, poliziak eta agintariak iristen ari ginen, eta inor ez zen hitz egiteko gai. Jose Antonio Ardanza lehendakariak ere ezin izan zuen hori egin», esan du. Argitaratu beharreko argazki motari buruzko eztabaida ere egon zela akorduan du. Efe agentziak «irudi orokorrak argitaratzea» erabaki zuen, «biktimen gorpuzkiak eta beste hurbileko batzuk alde batera utzita».

Argazkilaria egun jubilatuta dago. «Nire ibilbide profesionaleko batailak kontatzen ditudanean, beti gogoratzen naiz Oiz mendiaz. Ezerk ez nau hainbeste hunkitu, ez eta atentatuek edo Spanairrek Madrilen izandako istripuak ere, argazkiak urrutitik egin baikenituen», aitortu du.

Alfredo Alday, orduan “La Gaceta del Norte’ egunkariko argazkilaria zen. Erredaktore batekin batera iritsi zen ezbeharraren tokira, Lambretta batean baso-pista batetik. Hegazkinaren motorretako bati kea zeriola topatu zuten; «osorik geratu zen zati ia bakarra», argitu du.

«Argazkilariok egiten dugun bezala, kameraren atzean ezkutatu nintzen, kaos hark, burdinez eta biktimez beteak, niri eragin ez ziezadan», gogoratu du.

Biktimetako baten eskuaren irudia hartu zuen. Atzamarrak gurutzatuta zituen, eta pentsatu zuen: «Zerbait gaizki zihoala sumatuko zuten».

Mugikorrik eta Internetik gabeko garai batean, orduak eman zituen heriotza eta atsekabe egoera hartan. Egunkarira errebelatzera joan aurretik, eta etxera iritsi zenean, zapatak zakarrontzira bota zituela kontatu du Alfredo Alday. «Morboso bitxi asko Oizera igo ziren hurrengo asteburuan», deitoratu du.

PERTSONA OSPETSU BATZUK ZIHOAZEN HEGAZKINEAN

Hegazkinez bidaiatzea 1985ean garestia eta ohikoa zen jende garrantzitsuaren eta enpresarien artean, eta zorigaiztoko hegaldi horretan pertsona ospetsu batzuk hil ziren, hala nola Gregorio Lopez Bravo ministro ohi frankista, Gonzalo Guzman Boliviako Lan ministroa eta Isidoro Delclaux Laudioko Beirateetako zuzendaria.

Azken orduan uko egin zioten hegaldi hori hartzeari Francisco Fernandez Ordoñezek, garai hartan Estatu espainoleko Kanpo Bankuko presidente eta ondorengo ministroak, eta Marcos Bizkaia EAJko diputatuak.

Javier Fuentenebro ‘‘El Correo’’ egunkariko erredaktorea zen, eta beste une «dramatiko» bat bete behar izan zuen, familiak biktimak identifikatzera joan zirenekoa. «Gorpuak erabat ezagutezinak geratu zirenez, forentseen lana oso zaila izan zen, eta gogorra familientzat», adierazi du.

«Gogoan dut gorputz bat uzki-fistula batengatik identifikatu zutela, eta beste batzuk enpaste eta hortzengatik», esan du Fuentenebrok, oraindik hunkituta.