PSEk uste du erabakitzeko eskubidea «oztopo» dela Estatutu berrirako
PSE-EEk kongresua egin du eta, bertan, etorkizuneko bide-orria zehazteaz gain, Eneko Anduezak alderdiko idazkari nagusi izaten jarraituko duela berretsi dute. Paul Blasi programa eta ikerketa idazkaria NAIZ Irratian izan da PSEren asmoez hitz egiteko, baita posizioak berresteko ere: erabakitzeko eskubidea ahazteko eskatu die talde abertzaleei.

Paul Blasi PSEko programa eta ikerketa idazkariak alderdi abertzaleei eskatu die utz dezatela erabakitzeko eskubidearen gaineko eztabaida, Estatutu berria negoziatzeko «oztopoa» baita, bere ustez.
Asteon PSEk egin duen Kongresuan berretsi denez, Eneko Anduezak alderdiko idazkari nagusia izaten segituko du bigarren agintaldi batez; zuzendaria, aldiz, berria izango da: Cristina Gonzalez, orain arte Arabako burua izan dena. Paul Blasiri «sinbolikoki indartsua» iruditzen zaio Gonzalezen izendapena. «Emakumea eta arabarra da; Alderdi Sozialistak Araban duen gero eta indar handiagoaren isla», adierazi zuen atzo NAIZ Irratian.
Blasik nabarmendu zuen berrikuntzarako apustua egin zuela PSEk IX. Kongresuan, Anduezaren izendapenarekin eta Exekutiboan «belaunaldi berri bat» sartuta. Orain, X. Kongresua egin berritan, etorkizunerako bide-orria marraztua dute, eta «ideiak argi» dituzte, Blasiren esanetan: «Nahi duguna da Euskadiren eta euskal herritarren benetako arazoetan zentratu».
Bestalde, adierazi zuen batzuetan badirudiela «Alderdi Sozialista gehiengoak bermatzeko bakarrik dagoela», baina azpimarratu zuen, egiaz, «eginkizun garrantzitsua» betetzen duela gobernuetan.
Horren froga da, bere ustez, Talgo enpresak martxan jarrai dezan lortutako tratuan PSEk izan duen eragina. «Lan isilean ibili gara, baina garrantzitsua izan da alderdiaren papera negoziazioetan. Hori aldarrikatzea garrantzitsua da», baieztatu zuen.
«Eusko Jaurlaritzan dugun indarra handitu egin da -berretsi zuen-; gure sailak ez dira makalak. Enplegua eta lana, etxebizitza, mugikortasuna, justizia eta memoria eta turismoa. Gure sailetan erakusten dugun kudeaketa ona da eta, horrez gain, gobernua osatzeko akordioari nahi genuen norabidea eman genion. Adibidez, Osakidetzan egiten ari garen aldaketak garrantzitsuak dira».
ESTATUTUAZ ETA EAJZ
Azkenaldian PSEk euskal gizartean izan duen nahas-mahas handienetako bat erabakitze eskubidearen inguruan duen iritzia da, estatus berriaren eztabaidak gorabehera. Paul Blasi tinko mantendu zen alderdiaren iritziarekin. Hain zuzen, alderdi abertzaleekin duten «desadostasun bakarra» autodeterminazioan eta erabakitzeko eskubidean kokatu zuen. «PSEk duen jarrera ezaguna da. Ez dadila hau izan Estatutu berri bat eztabaidatzeko oztopoa. Utz dezagun gaia eztabaidatik kanpo eta berritu dezagun Estatutua behingoz, hau baita daukagun legerik garrantzitsuena», eskatu zuen.
Gainerako alderdiak ere kongresuetan murgilduta daude eta, EAJren kasuan, Aitor Esteban diputatua bilakatuko da alderdiko presidente, sorpresarik ezean. Horren inguruan Blasik agertu zuen PSE «pozik» dagoela orain arte EAJrekin sinatu dituen akordioekin. «Espero dugu Aitor Estebanekin bide horretan jarraitzea», adierazi zuen.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
