TRIKITIA: GOI MAILAKO ESKOLETARA JAUZIA

Errege Dekretu baten bidez irizpideak zehaztu dituzte goi mailako musika eskoletan Trikiti espezializatea irakatsi ahal izateko.

Trikitilari taldea Iruñeko Udaletxe plazan, iazko Euskal Herriko Trikitixa Egunean.
Trikitilari taldea Iruñeko Udaletxe plazan, iazko Euskal Herriko Trikitixa Egunean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Ministroen Kontseilu espainolak musikako goi mailako irakaskuntzen barruan Trikiti espezialitatea sortzea onartu du. Horri esker, irakaskuntza formalizatzeaz gain, ikerketa eremua sortuko da horren inguruan, musika tresna bera eta haren errepertorioak kontserbatu eta zabaltzea ahalbidetuko duena. Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak eskatuta, atzo onartutako Errege Dekretuak irakaskuntza horri dagokion curriculumaren oinarrizko alderdiak, ordutegiak, ebaluazio-helburuak eta irizpideak arautzen ditu. Hortik aurrera, hezkuntza administrazioek beste irakasgai batzuk sartu ahal izango dituzte espezialitate berri horretan. Ministerioak adierazi zuenez, trikitia Euskal Herriko «bertako musika tresna adierazgarrienetako bat da. XIX. mendearen erdialdean iritsi zenetik, trikitiak errotze handia lortu du festetan, erromerietan, omenaldietan eta kalejiretan, balsak, mazurkak, tangoak edo boleroak bezalako musika herrikoia gehituz». Espezialitatearen sorrerarekin, «trikitia euskal musikaren nortasun-elementutzat hartzen da, eta haren proiekzio sozial eta profesionala baimentzen da».