Gaizka IZAGIRRE
/ HERNANI
COMMON SIDE EFFECTS (EFECTOS SECUNDARIOS)

Umorezko konspirazio thriller aparta

Mundu osoko gaixotasun guztiak sendatzeko gai den onddo bat deskubrituko balitz, enpresa farmazeutikoak prest egongo al lirateke argitara atera dadin? Hau da “Common Side Effects” helduentzako animaziozko telesailaren mamia. Umorezko thriller honen protagonistak Marshall eta Frances dira, aurkikuntza harrigarriaren atzean dauden laborategi bateko kide ohiak. Adult Swim-en zigilupean eta Joe Bennett sortzailearen eskutik iritsi da.

Helduentzako animazio eta umore satirikoaren bilgarriaren azpian, sistema kapitalistari eta industria medikoaren ustelkeriari gaitzespen zorrotza egiten dion istorioa eraiki dute egileek. AEBko osasun sistemari eta industria farmazeutikoari egindako kritika da telesailaren alderdi aipagarrienetako bat.

Adult Swim-en beste ekoizpen batzuen ildoari jarraitzen dion animazio lana topatuko du ikusleak. Animazio errealista baten aurrean ez egotea oztopoa izan daiteke askorentzat, baina kasu honetan elementu erakargarrienetako bat da. Estilo surrealistak eta xeheak narratiba ezin hobeto osatzen du, eta istorioaren elementu fantastikoei sakontasuna ematen die.

Proposamenak jariatzen duen tonua bitxia da: umorezko konspirazio thrillerra etiketa izan liteke akaso egokiena. Helduentzako proposamena izaki, ohiko animaziozko lanetan baina handiagoa da indarkeria maila; ez da doakoa, ezta gehiegizkoa ere, kontakizunaren parte da, eta, narrazioa aberasteaz gain, gaiaren berezko gordintasuna indartzeko balio du. Umore beltzak ere leku nabarmena betetzen du kontakizunean, arindu egiten du dena.

Barrearen arloan “BoJack Horseman”-en zinismoaren printzak topatuko dituzue, eta thrillerraren arloan Coen anaien oihartzunak.