GARA
BILBO

Eskoletako garbitzaileen eta sukaldarien grebak erantzun «zabala» izan du

Lakuako Gobernuaren menpe dauden eskoletako garbitzaileek eta sukaldariek atzo egin zuten grebak «segimendu zabala» izan zuen, deitzaileek eman zituzten datuen arabera. LABek, ELAk eta CCOOk salatu zutenez, Lakuako Gobernuak zerbitzu minimo zorrotzak ezarri zituen.

Langileek 2009tik eguneratu gabe dute hitzarmena. Hezkuntza Sailarekin negoziatzen ari badira ere, sindikatuek ohartarazi dute akordio batera heltzetik urrun daudela oraindik. Hilaren 11n izan zuten azken bilera, eta hurrengo bilera martxoaren 6an egitea aurreikusita dago.

Hitzarmena berritzeko grebetako aldarrikapen nagusiak hauek dira: lan zamak arintzeko bazkaltiar eta garbiketa ratioak hobetzea eta lanaldiak murriztea; galdutako erosahalmena berreskuratzea; funtzioak definitzea eta kategoriak egokitzea; enplegua egonkortzea eta pribatizazio zein fusio edo itxieren bidez lanpostu suntsiketak eragozteko neurriak hartzea.