Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

«Foisis jauna»

Ez ez dut utziko inori nere barruan agintzen...». Iltzatuta geratu zitzaigun ‘‘Foisis jauna’’ kantuaren lehen esaldia, entzun eta berehala. Jotak ekarri zuen diskoa institutura, artean 15 urte baino ez genituen. Azkar batean, ia jabetza kolektiboa bilakatu zen altxor hura: zenbat etxetan ez ote zuen lo egin, zenbat kopia aurredigital ez ote genituen fabrikatu (eskuz dekoratutako kaseteak) gure artean banatzeko, oparitzeko... Jotak hazia landatu zuen, eta besteek gogoberotasunez erein genuen. Mundu berri bat zabaltzen ari zitzaigun eta Itoizek bere alea jarri zuen deskubrimendu garai haien soinu-bandan, Lou Reed, Genesis, Deep Purple edo Venenorekin batera. Bai, ia edozer entzuteko prest geunden. Ezerk ezin ase gure berritasun gosea. Iristen zitzaigun ia dena irensten eta, batez ere, partekatzen genuen, aurkikuntza garrantzitsuak zirelakoan. Horregatik, ez nau harritu nire buruak, gaur, handik 46 urtera, gai izan delako kantuaren hitzak buruz errepikatzeko: «zu inor zara eta hala ere menperatzen didazu, lasto ustela izango naiz...».

Eta Itoiz arrakastara iritsi zen. Eta gu, institutuko gazte berrizale haiek, bizitzari ekin genion kolpeka eta aztarrika, arnasa betean... Baina, gaur nire buruak gogoratu dit, Jotak institutura ekarritako diskoarekin batera hasi zela, guretzat, historia.