EH Bilduk eta EAJk kide kopuru bera izango dute EITBko Kontseiluan
Lehenengo aldiz, EAJk eta EH Bilduk seina ordezkari izango dituzte EAEko irrati eta telebista publikoko Administrazio Kontseiluan. Bi taldeek asteon lortutako akordioari esker berretsi zen atzo Gasteizko Legebiltzarrean egin zen bozketan sekula ikusi gabeko berdinketa. Gainerakoan, bi ordezkari izango ditu PSEk, bat PPk, eta bana, halaber, eragile sozial eta sindikalek.

EiTBko Administrazio Kontseilu berria osatuko duten kideak aukeratzeko bozketa egin zen atzo Gasteizko Legebiltzarreko Kontrol Batzordean eta, lehen aldiz, ordezkaritza berbera izango dute EAJk eta EH Bilduk: sei kide talde bakoitzak. PSEk bi izango ditu eta PPk beste bat. Gainerako lau aulkiak eragile sozial eta sindikalentzat izango dira.
Hauteskunde autonomikoen ostean Legebiltzarreko aulkietan berdinketa izan zuten bi talde politikoek (27na eserleku) indar berbera izango dute irrati eta telebista publikoaren kontrolaz eta jarraipenaz arduratzen den organoan, atzo konfirmatu zenez. Berdinketa ez da ausazkoa, “El Correo” egunkariak asteazkenean aurreratu zuenez: EAJk eta EH Bilduk asteon adostu duten akordioaren ondorio da.
Horrela, jeltzaleek indarra galdu dute Administrazio Kontseiluan aurreko legegintzaldiarekin konparatuta, zazpi ordezkari izatetik seira jaitsiko baitira, eta koalizio independentistak bi ordezkari gehiago izango ditu. Manuel Allende, Imanol Lasa, Garbiñe Mendizabal, Iker Merodio, Jonatan Moreno eta Saioa Zubizarreta izango dira EAJren ordezkariak. EH Bildurenak, berriz, honakoak: Iñaki Altuna, Jon Benito, Itxaso Cuevas, Miren Arantza Gutierrez, Gari Mujika eta Bakartxo Ruiz.
PSEk, ordezkari bat galduta, Vanesa Duran eta Oscar Torres soilik izango ditu, eta berdin gelditu da PP, aulki bakarrarekin. Jose Luis Lopezek ordezkatuko du alderdi eskuindarra. Sumar eta Vox, aldiz, organotik kanpo geratu dira.
Andoni Aldekoa zuzendaria da EiTBko burua, eta Gasteizko Legebiltzarrak aukeratutako 19 ordezkarik osatzen dute Administrazio Kontseilua. Hala, aipatutakoez gain, eragile sozialen esku egongo dira beste lau eserleku: Raul Arzakek UGT sindikatua ordezkatuko du; Adolfo Arejitak, Euskaltzaindia; Iñaki Zabaletak, Eusko Ikaskuntza; eta Koldo Nabaskuesek, Euskal Kontsumitzaileen Elkartea (EKA-ACUV).
ELA ETA LAB, KANPOAN
Legebiltzarrak EiTBko Administrazio Kontseiluaren osaketa berretsi ostean, haserrea agertu zuen ELAk, «lehen sindikatua» izanda ere organotik kanpo utzi dutelako. UGT Kontseiluan sartzearen kontra agertu zen, langileen %10 soilik ordezkatzen dituelako -ELAk, ziurtatu zuenez, %40ko ordezkaritza du- eta EiTBn ordezkaritzarik ez duelako. «Arlo horretan egiten duen lan sindikala euskararen erabileraren eta sustapenaren aurka egitea da. Izan ere, UGTk postu horretarako izendatutako pertsona ez da euskalduna ere», gaineratu zuen sindikatuak.
Aurreko legegintzaldian Administrazio Kontseiluan zegoen ELA eta, ohar batean baieztatu zuenez, Legebiltzarreko taldeek «PSEren eskakizunei amore eman diete UGT bezalako sindikatu minoritario bat sartzeko».
Kontseiluaren aukeraketaren kontra agertu zen LAB ere, esanez UGTren aukeraketa «logikaz kanpokoa» dela. «Sindikatu honek batez ere eremu publikoan euskararen kontra duen jarrera eta azken aste hauetan EITB zuzendari ez euskaldunak izendatzeko izaten ari den joera kontuan hartzen baditugu, erabakia are larriagoa izango da», esan zuen, ELAk egindako adierazpenen ildo beretik.
«Itxura guztien arabera, EAJk gobernukide duen PSErekin batera Administrazio Kontseiluaren kontrolari eusteko trikimailua izango da», ohartarazi zuen sindikatu abertzaleak ohar baten bidez.

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
