Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA
UDALTZAINGO EREDUA

Udaltzainentzako deialdia legezkoa izango dela ziurtatu du Zumaiak

Azpeitia, Zumaia eta Getariako udalek Udaltzaingoen Lan Eskaintza Publiko bateratua egingo dutela iragarri dute asteon, eta Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun sailburuak zalantzan jarri du prozesuaren legezkotasuna. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak GARAri ziurtatu dio prozesuak legezko berme guztiak izango dituela. Udaltzaingo hurbilagoa eta herrietan errotua nahi dute.

Getaria, Zumaia eta Azpeitiko alkateak, hurrenez hurren, deialdia iragarri zutenean.
Getaria, Zumaia eta Azpeitiko alkateak, hurrenez hurren, deialdia iragarri zutenean. (AZPEITIKO UDALA)

Azpeitia, Zumaia eta Getariako udalek asteon iragarri dute udalerriotako bost udaltzain postu betetzeko lan eskaintza publiko bateratua egingo dutela, «hurbilagoa» izango den Udaltzaingo eredua bermatzeko helburuarekin. Iragarpena egin orduko, baina, ahots eszeptikoak agertu dira EAJn, zalantzan jarriz deialdiaren legezkotasuna. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak ziurtatu zuen prozesuak legezko berme guztiak izango dituela, eta beraiei dagokiena berdin bete dezatela eskatu zien Lakuako Gobernuko arduradunei.

Urola Kostako hiru udalok, EH Bilduren agintepean guztiak, «herritarren beharretara egokitutako Udaltzaingo eredu hurbil eta komunitarioa» indartu nahi dute. Horretarako, prozesu bateratua abiatuko dute bost udaltzain postu betetzeko eta lan-poltsa ere eratuko dute, aurrerantzean egon daitezkeen beharrak asetzeko. Erakunde hauetako arduradunek azaldu zutenez, herriaren ezagutza eta euskararen erabilera «funtsezko elementuak» izango dira hautaketa prozesuan.

Azaldu zuenez, normalean, udaltzaingoei dagokien lan deialdiak Arkautitik bideratzen dira erkidego osora. Akademia horretan proba batzuk gainditzen dituzte eta hizkuntza-eskakizuna Zumaia, Azpeitia eta Getariak eskatuko duten berbera da (euskarazko B2 maila). Arkautitik Urola Kostako herri hauetara bidaltzen dituzten agente askok, ordea, ez dute herri horietan lan egin nahi, Ostolazak zehaztu zuenez: «Bat edo beste gelditu da, baina gehienak gure herrietan aldi baterako soilik egoten ziren, aukera zutenean beste nonbaitera joateko».

Udalek, aldiz, udaltzainek herrian hori baino errotze handiagoa izan dezatela nahi dute. «Gure deialdia aurkeztuta, plaza hemen atera dezakete hemen geratzeko asmoa dutenek», berretsi zuen.

Legeak zehazten du udaltzainek euskararen B2 maila egiaztatu behar dutela, eta udalek, beraz, ezin dute maila altuagoa eskatu, deialdi propioa egingo badute ere. Hala ere, Zumaiako alkateak jakinarazi zuen deialdira aurkeztuko diren beharginek euskaraz egin beharko dituztela probak. «Azterketa euskaraz egiteko, ezagutza bat izan behar duzu», esan zuen. «Gure komunikatzeko hizkuntza, hiru herrietan, euskara da -gehitu zuen-. Udaletxeetan lanerako erabiltzen dugun hizkuntza euskara da; txostenak, dokumentazio guztia, harreman pertsonalak, euskaraz dira. Bada, etortzen diren udaltzain batzuek ez dute gaitasunik euskaraz aritzeko. Hori ekidin nahi dugu».

EAJ, MESFIDATI

Azpeitia, Zumaia eta Getariak iragarritako deialdi bateratua mesfidantzaz hartu dute EAJn, jeltzaleek egindako adierazpenek aditzera eman dutenez. Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun sailburuak, adibidez, zalantzan jarri zuen prozesuaren legezkotasuna, «lege-esparruarekin bat ez datorren jardueraren bat egongo balitz, ez dugu beteko» adierazita. Imanol Lasa EAJko buruzagi eta Gipuzkoako foru diputatu ohiak, halaber, zuzenean EH Bilduren kontra egin zuen. Baieztatu zuen koalizioak ez duela herri proiekturik eta, beraz, «ezta polizia eredurik ere».

Arkautiz aparteko deialdia egiteak harrotu ditu hautsak jeltzaleen artean, baina, egiaz, Gasteizko akademia ez da herriotako prozesuaz aparte egongo. «Legeak esaten du deialdia bukatzen denean udaltzainek Arkautin egin behar dutela formakuntza. Gainera, kontratazio mahaian bost pertsona egongo dira, eta horietako bat Arkautiko ordezkaria izango da».

«Noski, legeak eskatzen dituen berme guztiekin egingo dugu deialdia; bestela ezingo genuke egin, lan eskaintza aurkezteko idazkariaren eta kontu-hartzailearen aldeko txostena behar dugulako», argitu zuen Ostolazak. Eta Zupiriari zuzendu zitzaion: «Guk ere eskatzen diogu legea bete dezala». Izan ere, Arkauti derrigortuta dago deialdian sartu diren agenteei formakuntza ematera, «ezin du sine die atzeratu», ohartarazi zuen Ostolazak.

Pello Otxandiano Gasteizko Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramailea ildo beretik mintzatu zen ostegunean. Berretsi zuen hiru udalerriok ez dutela legeak ezarritako esparrutik kanpoko ezer egiteko asmorik, eta ekimena goraipatu zuen, «gertuko polizia eredua» sustatzeko neurria dela iritzita.