GARA
BERLIN

Egonkor dago Berlinen labankadaz zauritutako turista bilbotarra

Berlingo Holokaustoaren Memorialean ostiral gauean labankadaz larri zauritutako gizona 30 urteko bilbotarra da. Ebakuntza egin ostean, egonkor dago. Erasotzaileak ihes egin zuen, baina azkenean atxilotu zuten. Juduen aurkako atentatu jihadista gisa ikertzen ari dira.

Poliziakide bat labankada gertatu zen tokian.
Poliziakide bat labankada gertatu zen tokian. (DPA - EUROPA PRESS)

Ostiral gauean Berlingo Holokaustoaren Memorialean labanaz egindako eraso batean larri zauritutako turista bilbotarra da, 30 urteko gizona, Iker izenekoa, atzo jakin zenez.

Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun sailburuak atzo jakinarazi zuenez, goizean ebakuntza egin ostean, gizona egonkor dago, eta ospitalean egun batzuk igaro beharko dituenez, familia Berlinera joateko bidaia prestatzen ari da. Senideek jakinarazi diote Lakuako Gobernuari biktima euskal herritarra dela.

Erasotzaileak ihes egin zuen, baina azkenean poliziak atxilotzea lortu zuen, erasoa gertatu eta hiru ordura. Horrez gain, labana bat aurkitu zuten erasoa izan zen lekuan bertan.

Monumentua Berlingo erdigunean dago, Brandeburgoko Ate enblematikotik eta Estatu Batuetako eta Frantziako enbaxadetatik gertu. Gainera, Alemaniako hauteskundeetatik bi egunetara gertatu zen. Erasoa AEBetako enbaxadarekin edo monumentuarekin berarekin lotuta zegoen ez zekitenez, Polizia Kriminalaren Estatu Bulegoko hilketen brigadak bere gain hartu zuen ikerketa, islamismoaz eta terrorismoaz arduratzen zen unitate batekin batera.

Atzo, Berlingo Fiskaltzak iragarri zuen ikerketa bat abiarazi zuela, ustezko eraso antisemita gisa, susmagarriak zaintzapean egindako deklarazioen arabera.

«Orain arte dakigunaren arabera, batez ere akusatuak Poliziari egindako deklarazioengatik, aste batzuk zeramatzan juduak hiltzeko asmotan», esan du Fiskaltzak.

Gainera, Poliziaren eta Fiskaltzaren arabera, atxilotu zutenean, ustezko egileak «otoitzerako alfonbra bat, Koran bat, otsailaren 21eko data zuen paper zati bat eta ustezko arma hiltzailea zeramatzan motxilan, eta horrek arrazoi erlijiosoa adierazten du».

Nancy Faeser Alemaniako Barne ministroak adierazi zuenez, erasoa «krimen latza eta basatia da». «Bide posible guztiak erabiliko ditugu indarkeriazko delituen egileak deportatzeko. Delitu horiek egiten dituenak eta Alemanian babesa modu nazkagarrienean erabiltzen duenak gure herrialdean egoteko eskubide oro galdu du», nabarmendu zuen.

Espainiar Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak adierazi du «etengabeko lankidetzan» ari direla Alemaniako agintariekin, familiari babesa emateko. Halaber, «lehenbailehen sendatzea» opa dio zaurituari.