Jatorri eta kultur aniztasuna hizpide Plaza Hutsean
Azken asteotan ‘Bidaide’ txostenaren 35 aurkezpen egin ostean, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako bostehun bat militante bildu ziren atzo Sortuk antolatutako herrigintza topagunean. Hasierako solasaldi orokorrean, Xabier Iraolak eta Olatz Egigurenek azalpen orokor bat eman zuten, eta jarraian arlokako bost solasaldi egin zituzten.

Sortuk 2025eko Plaza Hutsa ospatu zuen atzo Andoaingo Bastero kulturgunean. Izaro Zinkunegik aurkeztu zuen saioan, Xabi Iraola eta Olatz Egiguren Sortuko Herrigintza lantaldeko kideek jatorri eta kultur aniztasunak Euskal Herriaren askapen eta nazio eraikuntza prozesuan zein paper jokatu behar duten azaldu zuten.
Iraolak Euskal Herria jasotzen ari den immigrazioaren argazkiaren gako nagusiak eman zituen eta, aipatu zuenez, «egungo Euskal Herria inoizko askotarikoena» da jatorriari eta kulturari erreparatuta. Fenomenoaren dimentsioaz ohartzearen garrantzia azpimarratu zuen, eta Euskal Herriko bizitzaren esparru guztiak zeharkatzen dituenez, Euskal Herriaren eraikuntza eta eraldaketa prozesua ere zeharkatu behar dituela gaineratu zuen.
Lubakiak ongi kokatzearen beharra azpimarratu zuen, ezker abertzaleak bere proiektura ahalik eta jende gehien erakartzeko estrategiak garatu behar dituela gogoratuz. «Kanpokoa versus bertakoa» lubakia baztertuz, eta joera erreakzionarioak mundu mailan egituratzen eta bataila kultural gogorra garatzen ari diren testuinguruan, herri espresio ezberdinekin batera «agenda nazional eraldatzaile bat martxan jartzea» planteatu zuen.
Egigurenek azaldu zuen ezker independentistak jatorri eta kultur aniztasunari bere ikuspegi propiotik begiratzen diola; Euskal Herria nazio ukatua eta zatitua den kontzientziatik, askapen prozesua bururaino eramateko helburutik eta herritar guztiek eskubide eta betebehar berdinak eduki behar ditugun konbentzimendutik. «Garenetik, daukagun egitekotik eta gure proiektu politikoari lotuta», borobildu zuen.
Iraolak azpimarratu zuen kohesioa dela «aurrean dugun erronka nagusiena, ziur asko». Ghettoen sorrera posibleen aurrean, harremanak eta zubiak eraikitzearen beharra adierazi zuen, eta gaineratu zuen hurrengo urteotan lehentasunezko kontua izango dela. Kulturartekotasun eredu propio baten alde egin zuen, euskara ardatz edukiko duena, eta «irekiduren» alde egin zuen, ixteko joeren aurrean.
Egigurenek gaineratu zuen ezker abertzaleak eremu guztietan eta etengabe ikuspegi inklusibo bat txertatu behar duela, eta “Bidaide” txostenaren lau ildo estrategikoak aletu zituen: Euskal Herria harrera herri bilakatzea, aukera berdintasuna eta inklusioa bermatzea, arrazakeriaren kontrako lana eta mugimendua indartzea eta hizkuntzari loturiko ildoa, «harrera linguistikoa» deitu duena.
«ESENTZIETAN ITXI» EDO «NAZIOAREN PARTE EGIN»
Solasaldi orokorra amaituta, argazkia atera zuten, eta jarraian, ordu eta erdiz, bertaratutakoak bost solasaldi ezberdinetan banatu ziren, “Bidaide” txostenak planteatzen duen tesi orokorra arlo ezberdinetan lurreratzeko.
Plaza Hutsaren amaierako hitzartzean, Oihana San Vicentek gogoratu zuen azken urteotan Euskal Herrian ziklo politiko berri bat zabaltzen ari dela, etorkizunerako berme bakarra «herri proiektua elkarrekin imajinatu eta eraikitzea» dela eta «jatorri eta kultur aniztasuna Euskal Herria goitik behera zeharkatzen duen erronka nagusienetakoa» dela.
Honen aurrean, bi aukera planteatu zituen: «Gure esentzietan ixtea» edo «gure hizkuntza eta kultura irekiaren begiradatik eta nazio zapaldu gisa, euskal herritar berri horiek askapen prozesuaren eta gure nazioaren parte nola egiten ditugun elkarrekin pentsatzea». «Euskal herritarra da Euskal Herrian lan egiten duen eta bizi den oro. Ez gara esaten nekatuko, orain dela 50 urte esaten genuen eta gaur berresten gara. Hortik eraikitzen ari gara herria eta hortik eramango dugu askatasunera». Azkenik, Porrotx eta Zapotxin pailazoek girotuta, amaiera eman zioten 2025eko Plaza Hutsari.

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
