Jon Garmendia
Idazlea

Bekatua

Abesti bakoitzaren gibelean historia bat dago. Idazlearena eta entzun duen bakoitzarena. Uste dut hauxe dela musikaren indarrik nagusienetako bat, agian bere magiaren ardatza. Autoan nindoan «When I look back upon my life, it's always with a sense of shame, i’ve always been the one to blame...» entzun dudanean, eta ufa, zenbat urte!

Hori erran diot neure buruari. Zein gustura entzun dudan bestalde, Delorean bilakatu zait autoa eta animalien dendako mutikoak entzutera joan naiz gaztetan bezala. Pet Shop Boys, “I’ts a Sin”. «Atzera eginda, nire bizitzari begiratzean, lotsarekin bizitzen dut errudun izan naizela beti…», kantatzen ari zitzaidan Neil Tennant, bere txikitako garaiak imajinaraziz, Newcastleko eskola katoliko batean hezi zutelako, eta horrek dena baldintzatu zuelako berarentzat.

Bekatua zela egin zuen guztia, egondako toki guztietan bekatu egin zuela… eta gurutzeak oroitzen ditut bideoklip hartan, fraideak burua ezkutatzen zutela, sua, eta azazkal luzeak, esku luzeak. Izango dira bi hamarkada bideoklipa ikusi ez dudala, eta halakoetan ohartzen naiz batzuk marradura bat uzten dizutela betiko, eta beste asko, askotan ikusiagatik ere, ez zaizkizula sekula oroimenera ailegatuko. Oraino ez dakit kantua argitaratu zenean bekaturik ba ote neukan, etorkizunari libreki begiratzen bainion, baina garaiotan bekatuaren sentimendua nahinon ikusten dudala azpimarratu dit kantuak.