GARA
GASTEIZ

Europako funtsen erdia enpresa txiki eta ertainentzat izan da EAEn

Europatik datozen Berreskupenerako eta Erresilientziarako Mekanismoen funtsen %47 mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainek jaso dituzte 2024an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gainerakoa enpresa handiek, ABEEk, fundazioek eta familiek jaso dute.

Mikel Torres, lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua, atzoko agerraldian.
Mikel Torres, lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua, atzoko agerraldian. (IREKIA)

Europako Berreskupenerako eta Erresilientziarako Mekanismoen funtsetatik 2024an EAEk 3.474 milioi euro jaso zituen. Laguntzen onuradunen %47 mikroenpresa, enpresa txikiak eta ertainak dira, %28 enpresa handiak eta %13 ABBEak. Horrez gain, onuradunen %9 fundazioak dira, eta %4 familiak.

Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak atzo azaldu zuenez, 1.301 milioi Estatu espainolak esleitu ditu, eta EAEk kudeatutakoak dira. Beste 1.922 milioi Estatuak zuzenean kudeatutakoak dira. Azken 251 milioik zuzenean kudeaketa autonomikoa dute. Guztira, 3.474 milioi euro. Datu hauek 2024ko abenduaren 31n jasoak dira, eta, urriko datuekin alderatuta, 233,5 milioi euroko igoera egon da.

ESLEITZEKO ZAILTASUNAK

Herrialdeei dagokionez, azaldu zuen «batzuetan zaila dela esleipen irizpideak aplikatzea». Adibidez, Mercedes enpresaren kasuan, egoitza soziala Madrilen dagoen arren, Europako funtsek Araban dute eragina, hor baitago ibilgailuak fabrikatzeko lantegi nagusia.

Hala, lizitatutako funtsetatik, 3.291 milioi euro 22.901 onuradunen artean banatu dituzte. Arabari %12 esleitu zaio (ia 339 milioi euro); Bizkaiari %31 (1.029 milioi); eta Gipuzkoari %24 (797 milioi). Beste probintzia batzuetatik -aipatutako Mercedesen kasuan bezala- 1.074 milioi euroko inpaktua izan dute funtsek.

Torres «harro» agertu zen Lakuak izan duen kudeatzeko gaitasunarekin. «Euskadi Estatuko Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren funtsak egikaritzeko tasa handiena duten hiru autonomia erkidegoen artean dago, %76ko tasarekin. Estatuko batez bestekoa, berriz, %62koa da», ezagutarazi zuen.

Torresek PERTEek -Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoek- urtarrilean izan duten bilakaera nabarmendu zuen. «Ibilgailu elektrikoaren eta konektatuaren balioa bultzatzeko proiektuetarako laguntzak» deialdia ebatzia izan dela aditzera eman zuen. Deialdi horretan EAEn egoitza duten enpresak izan dira onuradunak, 208 milioi eurotik gorako balioarekin: Mercedes-Benz (130), Irizar (20), Gestamp (9), Sidenor (4) eta Global Laser Araba (3,6) dira.