66.000 emakumek jasoko lukete pentsioen osagarria, ekimen legegilea onartuko balitz
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztu duen herri ekimen legegilean jasotzen den pentsioak osatzeko proposamena onartuko balitz, 66.000 emakume izango lirateke onuradunak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzen ez diren bitartean, Lakuak 1.134 euro arte osa dezan eskatu dute.

Gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatu arte osatuko dituen sistema propioa garatzeko herri ekimen legegilean (HEL) jasotako proposamena Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 66.000 emakume pentsiodunen onerako izango litzateke, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeek adierazi zutenez. Bilbon iragan astelehenean egindako ekitaldi batean nabarmendu zutenez, neurri honek orotara 100.000 pentsiodunengan eragina izango luke, 1.134 eurorainoko osagarria eskuratuz. «Horrek bizi baldintza duinak lortzeko gutxieneko diru sarrera nahikoak bermatuko dizkie, eta genero arrakala ere murriztuko da».
Eman zituzten datuen arabera, 2023an EAEn 6.000 pertsonak kotizaziorik gabeko pentsioa zuten, hau da 464,60 euro hamalau ordainsaritan. Horietatik, 4.024 emakumeak ziren, hau da, bi heren. Horien artean 1.055 80 urtetik gorakoak ziren. 2024ko azaroan, berriz, kotizaziorik gabeko pentsioa duten pertsonak 7.859ra igo dira. Horiek hilean 518 euro jasotzen dituzte eta 5.300 inguru emakumeak dira.
PENTSIORIK TXIKIENAK
«Pentsiorik txikiena dutenak emakumeak dira, eta nekez irits daitezke hilaren amaierara», adierazi zuten. «Egia da beharrezkoa dela askotariko neurriak hartzea, baita zaintza lanak gizonen eta emakumeen artean ekitatez banatzea ere. Baina argi dago kotizazio gabeko edo kotizazio peko pentsioak dituzten eta zenbateko horretara iristen ez diren emakume guztiei 1.134 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeak genero arrakala nabarmen murriztea ekarriko duela», azpimarratu zuten.
«Emakumeek aitortzarik ez duten eta ordainsaririk jaso gabe eginak diren zaintza lanetan ematen duten dedikazioak lan munduan duten egoera prekario eta diskriminatua ekarri du. Eta horrek pentsio baxuagoak izatea eragin du». HEL honekin Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak «bidegabekeria patriarkal» hori arindu nahi du.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
