GARA
DONOSTIA

«Euskal Herriaren eraldaketaren» aldeko apustua berretsi du LABek

Biltzar Arteko Batzarra egin zuen atzo LABek Irungo Ficoban, sindikatuaren egoera aztertzeko. Borrokak artikulatzeko egindako lanak emaitzak eman dituela eta ildo beretik borroka egiten jarraitu beharra dagoela nabarmendu zuten.

Irungo Ficoban egin zuen LABek Biltzarren Arteko Batzarra.
Irungo Ficoban egin zuen LABek Biltzarren Arteko Batzarra. (Maialen ANDRES | FOKU)

Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo LABeko koordinatzaile nagusiek sindikatuaren zuzendaritzak aurkeztutako kudeaketa txostenaren inguruko azalpenak eman zituzten, atzo, Irungo Ficoba aretoan egin zuten Biltzar Arteko Batzarrean.

Arroyok nabarmendu zuen hazkunde prozesuari eutsita heldu direla Biltzar Artekora: 50.000 afiliatuen langa gaindituta (%27ko hazkundea hamar urtean), Hego Euskal Herriko ordezkaritza sindikalaren kasik %20 duela eta Ipar Euskal Herrian gero eta presentzia handiagoarekin. Aranbururen hitzetan, «LABen ekarpena ezinbestekoa izan da, urtero 200 borroka ingurutan parte hartu dugu, gehienetan beste sindikatu batzuekin batera eta kasu askotan eragile sozialekin aliantzan», gaineratu zuen.

Halaber, esan zuen negoziazio kolektiboan LABek defendatutako tesien «zuzentasuna» frogatu dela: «Batetik, borrokarik gabe ez dago hitzarmenik; bestetik, estatali- zazioari aurre egiteko sektore mailako hitzarmenek garrantzi handia dute». Hala ere, «borrokaren bidez gainditu beharreko zenbait oztopok» bere horretan dirautela nabarmendu zuen Aranburuk.

«SEKTOREKAKO BORROKETATIK HARAGO»

Era berean, «sektorekako borroketatik harago, langile guztientzako neurri orokorragoak ezartzeko beharra» defendatu zuen. Ildo horretan, Greba Feminista Orokorraz aritu zen Aranburu: «Zaintza eraldatzeko beharra agerian utzi zuen mugarri historikoa izan zen».

Aranbururen esanetan, epealdi honetako beste ekimen garrantzitsua lanbidearteko gutxieneko soldata propioaren aldeko ofentsiba da eta «langileen gaiak» agenda politikora eramatearen garrantzia azpimarratu zuen, baita horretarako «politika publiko burujabeen beharra» ere.

Arroyok, bestalde, hiru berritasun azpimarratu zituen: lan eskubideekin egin bezala, etxebizitza eskubidearen alde ere sindikalismoa egiteko erabakia; 2022ko Biltzar Nagusian hartutako konpromisoa gauzatuz, I. Barne Plan Antirrazistaren onarpena; eta sindikalismo ekosozialista garatzeko Biltzar Artekoan egindako apustua.