GARA
DONOSTIA

«Zerga erreforma sakon bat» eskatu dute EH Bilduko alkateek

EH Bilduko sei alkatek agerraldia egin zuten atzo, EAEko ogasunek aurreikusitakoa baino 700 milioi euro gutxiago jaso izanak udalen zerbitzu publikoetan izan ditzakeen ondorioez ohartarazteko. Udal finantziazioak indartzeko garaia dela esan zuen Nagore Alkortak.

EH Bilduko sei alkate elkartu ziren zerga-erreforma sakon bat eskatzeko.
EH Bilduko sei alkate elkartu ziren zerga-erreforma sakon bat eskatzeko. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerga-bilketa aurreikusitakoa baino txikiagoa denez, udalek dirua itzuli beharko dutela ohartarazteko agerraldia egin zuten atzo EH Bilduren Azpeiti, Hernani, Donemiliaga, Agurain, Zaldibar eta Otxandioko alkateek.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak esan zuenez, «udal finantziazioa indartzeko garaiak dira, ez kontrakoa egiteko garaiak. Udalak babestu eta indartu behar dira, zerbitzu publikoak eta herritarren bizitza duinak bermatzeko». Hori dela-eta «zerga erreforma sakon bat» egitea beharrezkoa dela ondorioztatu zuten, udalen finantza-nahikotasuna bermatuko duen zerga-sistema ezarriz.

Finantzen Euskal Kontseiluan emandako datuen arabera, aurreikusitakoa baino 700 milioi euro gutxiago bilduko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek, mutualistei itzuli beharreko diruarengatik, eta horrek gizarte politiketan ondorio zuzenak izango dituela esan zuen koalizio subiranistak. Esate baterako, Azpeitiaren kasuan, 450.000 euro gutxiago jasoko dituela zehaztu du eta beren kasuan zaintza-zerbitzuetara bideratutako aurrekontuaren erdia jaso gabe geratuko dela.

ZERBITZU PUBLIKOEN KALTEAN

Gaineratu zuen udalak direla herritarrek jasotzen dituzten zerbitzu publiko gehienen emaileak eta, udalek diruaren zati bat itzuli beharko dutenez, gerta daitekeela zerbitzu publikoak mantentzeko eta aurreikusitako inbertsioak egiteko zailtasunak izatea «eta, beraz, herritar zaurgarrienek beharrezkoa duten babesa emateko oztopoa izatea».

Hala ere, EH Bilduko alkateek konpromisoa hartu zuten eskaintzen dituzten zerbitzu publikoak mantentzeko, «udaloi finantziazioa bermatu behar zaigu, kalitatezko zerbitzuak eskain ditzagun, eta herritarrei bizitza duin bat berma diezaiegun». Alkortaren esanetan, argi dago zerga-sistema aldatu beharra dagoela, erreforma sakon baten beharra: «Sortzen dugun aberastasuna eraginkorrago bihurtu behar dugu eta justuago banatu behar da».