IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Donostiako Orfeoiaren erronkak: 27 kontzertu eta harrobia indartzea

Donostiako Orfeoiak 2025eko programan du begirada. Atzerrian eta Euskal Herrian 27 kontzertu baieztatuta dituzte. «Estilo ezberdinetako eskaintzak» egingo dituztela aurreratu zuten atzoko aurkezpenean. Joan den urtearen balorazio positiboa egin zuten, eta adierazi zuten ikasturte honekin batera harrobia indartzeko plana martxan jarri dutela; jada 100 haur eta gaztek baino gehiagok parte hartzen dute Orfeoian.

Donostiako Orfeoiko zuzendaritzako kideek 2024ko balantzea eta 2025eko programa aurkeztu zituzten atzo.
Donostiako Orfeoiko zuzendaritzako kideek 2024ko balantzea eta 2025eko programa aurkeztu zituzten atzo. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako Orfeoiak finkatuta ditu 2025erako erronkak: Euskal Herriko eta nazioarteko zirkuituetan haztea eta harrobia sendotzea. Atzo goizean aurkeztu zuten 2024ko balantzea eta 2025eko programa. Antxon Elosegi lehendakariak iazko balantzearen berri eman zuen: «Antzokiak bete dira, Orfeoiak antzokiak betetzeko balio duela ikusi dugu berriz ere». Lantaldearen «kalitatea» eta «buru-belarri aritzea» txalotu zituen ondoren: «Orfeoia 187 egunez lanean dabil. Nahiz eta 35 izan kontzertuak, 187 egunez lanean dihardute».

Zenbakiez deskribatu zuen balantzea. Guztira, 35 kontzertu eskaini zituen Orfeoiak, horietako 20 Euskal Herrian, 11 Estatu espainolean eta Katalunian, eta 4 Estatu frantsesean.

AURTENGOARI BEGIRA

Jose Antonio Sainz Alfaro zuzendariak 2025eko programaren berri eman zuen. Gaur-gaurkoz 27 kontzertu jada baieztatuta dituztela aurreratu zuen. Horietatik hamahiru Euskal Herrian izango dira, zazpi Espainian eta Katalunian, eta zazpi gehiago beste nazio batzuetan.

Eskaera asko jasotzen ari dira, baina «aski denborarik» ez dutela aitortu zuen zuzendariak. Eta sarritan ikusmira atzerrian jartzen bada ere, «lurraldearekiko konpromisoa» dutela, eta bertan kontzertuak egiteari garrantzia ematen diotela adierazi zuen.

Aurten «ospe handiko» bi zuzendari berrirekin lan egingo dutela azaldu zuen: Jeremie Rhorerrekin Parisen, eta Tarmo Peltokoskirekin; «zuzendarien Messi da azken hau, oso gaztea den arren», esan zuen.

Apirilaren 26an, abesbatzak Donato Goyeneche konpositorearen “Afrika, herrien arteko besarkada” interpretatuko du Donostiako Kursaalen, eta emanaldi hori berezia izango dela nabarmendu zuen zuzendariak.

Etengabe «estiloz aldatzen» ari direla gaineratu zuen, eta hori dela «koru askok egin izan dutena».

German Ormazabal Zuzendari-batzordeko kideak harrobian jarri zuen arreta: «Harrobia beti zaindu izan dugu, jakitun izanik etorkizuna, neurri handi batean, kantari berriak, bai maila lokalean bai musikalean, ondo prestatuta izatean oinarrituko dela».

Harrobia sortzeko urtetako esperientzia badute ere, Ormazabalek azaldu zuen Covid19aren eraginez bertan behera utzi zutela haur eta nerabeekin egiten ari ziren lana, eta urte batzuetan «stand-by» egoeran egon ostean, 2024-2025 ikasturtean «proiektua ilusioz beterik berriro martxan» jartzea erabaki zutela; eta egun 100 haurretik gora dabiltza Orfeoiaren bueltan.

Jose Luis Aramburu lehendakariordeak ohar egin zuen gizarteari ekarpen bat egitea ere badela Orfeoiaren parte izatea: «Badu gizarte mailan zerbait eskaini nahia. Musikarekin gozatzeko eta gozarazteko aukera eskaini nahi du Orfeoiak, eta hori gizartearentzat garrantzitsua da».