GARA
GASTEIZ

«Jarraipen zabala» izan du irakasleen laugarren greba egunak

Laugarrenez greba egin zuten atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleek, eta beste behin ere erantzun ona izan du: %75ekoa, Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatu deitzaileen arabera. 27.000 irakasle zeuden grebara deituta.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako irakasleek atzo Gasteizen egindako mobilizazioa.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako irakasleek atzo Gasteizen egindako mobilizazioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako laugarren greba egunak jarraipen zabala izan zuen, aurrekoen antzera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko 27.000 irakasle zeuden lanuztera deituta. Sindikatuek batutako datuen arabera, atzo ere deitutako irakasleen %75ek babestu zuten mobilizazioa.

«Eusko Jaurlaritzak, ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoekin, greba baldintzatu nahi izan du. Hala ere, urtarrilean bi egunez milaka irakasle kalera atera ginen. Otsailean ere beste bi egunez beste hainbeste izan gara berriro kalera atera garenak. Horrela, gure desadostasuna berretsi dugu eta gure greba eskubidea erabili dugu indar erakusketa eredugarria eginez hezkuntza publikoaren defentsan», salatu zuten sindikatuek.

Urtarrileko eta otsaileko lau greba egunetan “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean deitutako mobilizazioetan milaka langile elkartu dira, sindikatuek nabarmendu zutenez. Atzo Gasteizen bildu ziren hiru herrialdeetako irakasleak, manifestazio bateratuan.

Ziklo honetan deitutako mobilizazio eta greben bitartez salatu zuten Lakuan Hezkuntza Sail berria egon arren «azken urteetako jokamolde berbera dugula mahai gainean: Hezkuntzako langileon lan baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakartasunez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsurik gabe etengabe luzatzen dituztelako».

Azken grebek eta mobilizazioek Lakuako Gobernua bi mahai deitzera eta pauso bakan batzuk ematera behartu dutela uste dute sindikatuek: «Argi dago grebak direla Jaurlaritza mugiarazten dutenak. Tamalez, oraindik grebetako eskaerei erantzungo dieten balizko proposamenetatik urrun dago». Astelehenean Lakuak bilera batera deitu zituen sindikatuak «aldez aurretik idatzizko inongo proposamenik bidali gabe eta ahoz», asteazkenean kritikatu zutenez. Herenegun, berriz, azken uneko bilera batera deitu zituen. Bi egunetan helarazi zizkieten edukiak ez dituzte «nahikotzat jotzen».

«Beraz, beste behin ere Hezkuntza Sailaren asmoa negoziaketak irudikatzea izan zen», salatu zuten aipatu sindikatuek. «Bereziki larria da Jaurlaritza, langileen gehiengoa ordezkatzen ez duten sindikatuekin, grebetan milaka langile aldarrikatzen ari diren edukiak jarri gabe eta langileen %90 ordezkatzen duten greba deitzaileen kontra, gutxiengoan akordioa sinatzeko prest agertu izana», deitoratu zuten Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek.