Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Beldurra

Paul Lynchen “Prophet Song” (Profetaren kantua, 2023) bigarrenez irakurtzen ari naizen honetan konturatu naiz zenbateraino erabiltzen dituen natura eta animaliak herrialde batek, kasu honetan Irlandak, totalitarismorako bidean murgiltzeko prozesua azaltzeko. Munduko paraje horretan neguaren etorrera adierazi ohi duten eguraldi eta flora aldaketek zerbait ilunaren susmoa pizten diote Eilish Stack-i; senarra, sindikalista lanbidez, Estatuak bahitu berri dio, eta sukaldeko leihotik ikusten duen txoriaren hegaldi baldarra heriotzaren iragarle dela otutzen zaio. Etxera “bisitan” etortzen zaion polizia sekretuaren begirada otso goseti batena iruditzen zaio eta begiradak eragiten dion bihotz-ikara otsoaren harrapakinak sentituriko horixe bera dela. Giza subjektibitatea naturari eta animaliei ezartzea ez da kontu berria. Lynchen nobelan agertzen diren metafora eta konparazio antropomorfiko asko ohikoak dira genero distopikora lerratzen diren testuetan gizabanakoaren beldur eta kezkak islatzeko. Ikuspuntu antropozentrikoak alde batera utzita, “Prophet Song” berrirakurtzen ari naizela pentsatu dut zenbateraino dagoen giza bizitzaren prekaritatea naturaren eta animalien bizitzaren prekaritateari lotuta. Kontrola helburu duen estatua nekez konformatuko da eremu bakar batean agintea ezarrita.