IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Hizkuntzaren labirintoan» barrena ibili da Beatriz Fernandez, Lisiperen 16. zenbakian

Lisipe bildumak hamaseigarren liburua aurkeztu du; Beatriz Fernandezen “Ariadnaren haria, sexua eta generoa hizkuntzaren labirintoan”. Hizkuntzaren zenbait esparru genero ikuspegitik landu ditu: forma gramatikala, hitanoa, atzizkiak, hizkuntzaren eta jokamoldearen inguruko loturak, madarikazioa, irainak, tabuak...

Beatriz Fernandez arduratu da Lisipe bildumako hamaseigarren zenbakia idazteaz.
Beatriz Fernandez arduratu da Lisipe bildumako hamaseigarren zenbakia idazteaz. (Jon URBE | FOKU)

“Ariadnaren haria, sexua eta generoa hizkuntzaren labirintoan” izenburupean argitaratu du Lisipe bildumak hamaseigarren zenbakia. Beatriz Fernandezek idatzia da. Euskararen tipologia eta erabilera soziala genero ikuspegitik landu ditu, eta hiru hari gorriren bidez, hiru ataletan landu du gogoeta. Lehena, batez ere, gramatikaren ingurukoa da; bigarrenak elkarrizketetako jokabideak aztertzen ditu; eta hirugarrena «tabu hitzen» ingurukoa da, irain eta madarikazioei buruzkoa.

Hizkuntza labirinto bat da, Fernandezen esanetan: «Eta bide bati ekiten zaion bakoitzean, ez dago jakiterik irteerara eramango ote gaituen. Labirinto horretara garamatzaten galderak sexuari eta generoari buruzkoak direnean, gainera, arriskutsu bihurtzen da. Horregatik behar da Ariadnaren haria bertatik onik ateratzeko. Lihozko hiru hari gorri ditu liburu honek, kapitulu bana ardazten dutenak».

FORMA GRAMATIKALA

Lehenengo hari gorriaren izenburua “Katalina Erauso eta genero (gramatikalaren) gatazka” da. Genero gramatikala duten hizkuntzek emakumea sarritan ikusezin bihurtzen dutela azaldu zuen, baina generorik ez daukan euskarari ere eragiten diola adierazi du: «Hizkuntza horien itzalean euskarak, generorik ez daukanak, pairatzen ditu bere ajeak; batzuek ‘aita-amak’ esan beharrean ‘aitak’ esatea, adibidez. 1992an Miren Azkaratek jada salatu zuen: ez da gehienetan gramatikaltasun kontua, sentiberatasun kontua baino. Eta ni ere guztiz bat nator». Atal honetan landu duen beste alderdietako bat hitanoa da.

“Etxeko aingerua hil” izenburua du bigarren hari gorri edo atalak, Virginia Woolfi erreferentzia eginez. Jokamoldeak aletu ditu Fernandezek bertan: «Hizkuntza bera partekatzeak ez dakar ondorioz elkarrizketan jokabide bera izatea; jokabide asimetriko samarra ageri da».

Hirugarren atala «tabu hitzen» ingurukoa da; madarikazioak eta irainak bildu ditu “Izena, izena, ezina” atalean. «Behin eta berriz inausi digute hitza debekuen artaziekin, eta horixe da tabu hitzekin gertatzen dena», azaldu zuen Fernandezek. Tabu hitzak hunkitzen, aztoratzen, lotsarazten gaituzten hitzak direla gehitu zuen; «emakumeek ere madarikatzen ote dute?» galderari erantzuten ahalegindu da, joan den mendearen hasieratik ez dutela madarikatzen zabaldu izan baita. Irainen «birjabetzeaz» ere mintzo da idazlea atal honetan, adibide zehatzak landuz.