GARA
DONOSTIA

Metro koadroko 5.700 euro: etxeen prezioa etengabe gora Donostian

Joera orokorra bada ere, bereziki deigarria da Donostiaren kasua: 50 metro koadroko etxebizitzak 285.000 euroan saltzen ari dira. Markak hautsi dituzte, beste behin, Higiezinen Jabetzako Agenteen Gipuzkoako Elkargo Ofizialak argitaratutako datuek.

Donostiako etxebizitza bloke bat.
Donostiako etxebizitza bloke bat. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Etxebizitzaren prezioak, goranzko joerari eutsiz, maximo historikoak gainditu ditu Donostian eta Gipuzkoan; 2024a metro koadroko 5.708 euroan itxi du hiriburuan, eta 3.577 euroan lurralde mailan, 2023an baino %6,1 eta %4,3 garestiago. Datuok Higiezinen Jabetzako Agenteen Gipuzkoako Elkargo Ofizialaren (COAPI) etxebizitza-merkatuari buruzko 2024ko 4. hiruhilekoko eta ekitaldi amaierako txostenekoak dira. Jose Luis Polo presidenteak, Luis Fabra zuzendariak eta Mikel Urkola Sabadell bankuko arduradunak eman zituzten, atzo, Donostian.

Fabrak nabarmendu zuenez, pisuen kostuak «goranzko bilakaera nabarmena du» eta, are gehiago, «azken hiruhilekoetako goranzko joera areagotu du». Ondorioz, «maximo historiko berriak» dira txostenak jasotakoak.

Halaber, erakusten du hiruhileko batetik bestera Gipuzkoan %2,3ko igoera izan dela, eta urte arteko %4,3koa. Hots, metro koadroa 3.577 euroan dago.

Etxebizitza berrien kasuan, metro koadroa 4.027 eurora igo da; hau da, %6,8ko igoera hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta %19,2koa urte batetik bestera. Erabilitako etxeei begiratuta, berriz, metro koadroa 3.513 euroan kokatu da eta igoera txikiagoa izan da; %1,6, hiruhilekokoa eta %2,2, urtebetekoa, nahiz eta 2010etik izandako batez besteko prezio garestiena.

Donostiako prezioak are gehiago igo dira; izan ere, hiruhileko batean %1,7 bakarrik hazi diren arren, aurreko urteko aldi beraren aldean %6,1eko igoera metatu dute, batez beste metro koadroko 5.708 euroko errekorreraino.

ALOKAIRU-ESKAINTZA BEHERA

Alokairuaren merkatuan ere «eskaintzaren eskasia eta prezioen igoera» dira nagusi, Fabrak azpimarratu zuenez; izan ere, 30.228 dira gaur egun Gipuzkoan indarrean dauden ohiko errentamendu-kontratuak, eta 1.118, sasoikoak.

Halaber, COAPIko presidenteak ohartarazi zuen txostenak merkatuaren datuak islatzen dituela eta, beraz, ez dela agertzen «gizartearen zati handi bat merkatutik kanpo dagoela eta ezin duela merkatura sartu».