Bere burua zaintzen duen herria
Herritarrek zaintzarekin lotuta dituzten beharrei erantzuteko helburuz sortu zen Zestoako Zaintza Sarea. Egiteko moduagatik da berezia, eragiletza indartsu bati esker, “herritik herriarentzat” filosofiak gidatzen duelako. Azken hamarkadetan galtzen joan den izaera komunitarioa berpizten ari da herrian.

Zestoako Akua auzorako bidearen hasieran dago San Juan egoitza, izen bereko ermitaren bizkarrean. Bertan abiatu zen, 2019an, gaur egun Zaintza Sarea den horri bidea irekiko zion hausnarketa eta, denborarekin, udalerri mailako inplikazioa duen egitasmo handi bat izateraino puztu da gogoeta hori.
Zestoako Zaintza Sarea aurkezteko elkartu dira, 60 pertsona ingururi zerbitzua eskaintzen dion San Juan egoitzako bulego batean, Joseba Illarramendi egoitzako zuzendaria, Saioa Lasa bertako psikologoa, Jesus Odriozola eta Arantxa Elosua herriko jubilatuen elkarteko kideak eta Mikel Arregi alkatea.
2019ko hari muturrari helduta hasi dira proiektuari buruzkoak azaltzen. Urtero egiten duten bezala, barne hausnarketa bat zabaldu zuten ordukoan egoitzan: etorkizunean non eta nola bizi nahi zuten gogoetatu zuten, eta bertatik ateratako ideiei dekalogo itxura eman zioten, balizko zaintza proiektu batek izan beharko lituzkeen ezaugarriak jasotzen zituena: besteak beste, «gertukoa izan behar zuen -kaskoan (herrigunean) bizi diren herritarrek arreta bertan jaso dezaten, eta auzokoek, auzoetan-, publikoa eta unibertsala, pertsonetan oinarritutakoa eta euskara nahiz gertuko ekonomia bermatuko zituena», azaldu du Saioa Lasak.
Baina, oroz gain, komunitatearena izan zen elkarrizketa horietan gailendu zen kontzeptua: zaintzari eutsiko zion komunitate indartsu bat behar zuen Zestoak. «Gizartea aldatzen doa eta gure aurrekoen auzolaneko ikuspegia, zoritxarrez, galtzen ari gara. Gainera, gizartea gero eta zaharragoa da eta, beraz, behar gehiago ditu. Azterketa demografiko bat egin genuen, eta nabarmentzeko moduko datu bat emango dut: 1970. urtean, Zestoako biztanleen batez besteko adina 28 urtekoa zen. Gaur, 49koa. Ikaragarria da», adierazi du herriko alkateak.
2019an San Juanen egosi zen hausnarketa hartara eragileak batzen hasi ziren: hasieran, Zahartzaroa Zaindu Zestoan elkartea (3Z), Gisasola egoitza eta Udala sartu ziren, azken honek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Izarraitz proiektua martxan jarri zuenean: funtsean, nahi gabeko bakardadearen aurrean estrategia komunitario bat abian jartzea zuen helburu talde hark.
Gerora, baina, herri osora zabaldu zuten sarea eta, egun, izaera anitzeko 21 eragilek parte hartzen dute bertan: herriko bi egoitzak, Udalak, Osakidetzak, eskolak, parrokiak, jubilatuen elkarteak, bederatzi auzoetako ordezkariek… Horregatik, Zestoako Zaintza Sarea «herri proiektua» dela azpimarratu du Illarramendik, eta horrek egiten du berezi, haren ustez.
2020an sortu zen zaintza mahaian koordinatzen dute Zaintza Sarea, eta auzo bakoitzean halako bat eratzeko erronka dute orain. Adinduen mahaia zen hasieran, baina zaintza mahaia izatera mudatu zen laster, jakitun zaintza beharrak ez direla soilik zaharren kontua. Gainera, hiru hilabetez behin talde eragile bat biltzen da sareak hartutako erabakiak gauzatu ahal izateko.
LAU ARDATZ
Zaintza mahaiaren jarduna plan estrategiko batean jaso dituzten lau ardatzek gidatzen dute. Batetik, zaintzarako komunitatea sustatzen ari dira, kasurako, “auzozain” figuren bidez zaurgarri izan daitezkeen pertsona horiek identifikatzeko. Ildo beretik, programa informatiko bat ere garatu dute, Udalak gizarte zerbitzuek detektatutako herritar zaurgarrien inguruko informazio zuzena izan dezan. 2020-2021ean egin zuten azterketa demografikoaren arabera, 65 urtetik gorako mila herritar inguru bizi dira Zestoan, eta 2035ean 1.300 baino gehiago izango direla aurreikusi dute. Horietatik, bakarrik bizi dira 164; hamar urte barru 250 leudeke egoera horretan. Beraz, garrantzitsua deritze herritar zaurgarrien mapa izateari.
Gainera, zaintzari lotutako jardueren agenda bateratua ere osatzen dute. Aurrera eramaten dituzten hainbaten artean, Zestoa Osasuntsu ekimenak arrakasta du herrian.
Erretiroa hartuta dauden zestoarrak paseatzera ateratzen dira, izan ibilbide laburra edo luzea egitera. Eta, bukatutakoan, hamaiketakoa egiten dute jubilatuen tabernan -«horrek asko laguntzen du!» baieztatu dute jubilatuen elkartekoek-. Zeren, kirola osasuna bada, harremana zaintza dela uste dute Jesus Odriozolak eta Arantxa Elosuak, eta ziur dira ibilbide hauek bakardadeari aurre egiten laguntzen dutela.
«Zaintza ez da egoitza bakarrik, askoz lehenagotik has daiteke eta hala komeni da. Zestoa Osasuntsun jendea gurpil-aulkian joaten da, adibidez, eta guk laguntzen diogu, jubilatuen elkartean asko baikara horretarako kapaz», esan dute.
Bestalde, herri eskolako 12 ume egunero San Juan egoitzara joaten dira bisitan, hala, haur eta adinekoen arteko harremana sustatzen da. «Hona etortzeak umeei balio die ikusteko zahartzaroan bizitza dagoela. Adinekoei, berriz, bizipoza ematen diete. Zain egoten dira», adierazi du San Juan egoitzako psikologoak.
Bigarren ardatza, berriz, herritarrek nahi duten eta herriaren neurrikoa izango den zaintza eredua pentsatu eta marraztean datza. «Nola eta non zainduak izan nahi dugun, hori pentsatu behar dugu. Beraz, ekarpenak jasotzen ditugu eta tailer batzuk ere antolatu ditugu horretarako», azaldu du Joseba Illarramendik.
Hirugarren eragin eremua ez da erraza, denbora asko eta aurrekontu handia eskatzen baititu: zaintzari lotutako azpiegiturak. Herritarrek nahi duten zaintza eredu horretara egokituko diren zerbitzuen mapa garatzen ari dira, zehazteko zein diren egun martxan daudenak, eta zer beharko litzatekeen etorkizunean.
Azkenik, hau guztia garatzea ahalbidetuko dion oinarri ekonomikoa behar du Zaintza Sareak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du, erakunde honen HerriLab estrategian parte hartzen duenez gero.
Hala eta guztiz ere, denera iristea ezinezkoa dela onartu du Mikel Arregik: «Tokiko ekosisteman oinarrituko den zaintza sistema bat nahi dugu, baina Udala ezin da denera iritsi. Ez dakit ondo dagoen nik esatea, baina aitortuko dut: administrazioa geldoa da. Guk beti eskatu izan dugu udalei eskumen gehiago eman beharko lizkiekeela, eta finantzaketa ere bai, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak direnez gero. Ideala litzateke etxean mendekotasun egoeran dauden pertsona guztiei zaintzaile bat jartzea, baina ezinezkoa da, ekonomikoki hurbildu ere ez ginateke egingo. Beraz, hortik oso urruti bagaude, beste baliabide batzuk jarri behar ditugu martxan. Baliabide formal eta informalen arteko koordinazio bat daukagu, eta ikuspegi komunitariotik, egungo joera indibidualista iraultzen saiatzen ari gara».
Modu berean, dagoenarekin ekiteko modua badagoela uste du Jesus Odriozola jubilatuen elkarteko presidenteak: «Zaintza ezin da beti diru publikoaren mende utzi. Beharrezkoa da, noski, eta gehiago baletor, hobeto. Baina ez da inoiz denera iritsiko, beste gauza batzuen artean, zaintza harremana ere badelako, eta harremana ez du diruak ordezkatzen».
BEREZITASUNAK
San Juan egoitza izen bereko fundazioak kudeatzen du. Pribatua da berez, baina irabazi asmorik gabekoa eta ikuspegi publikokoa: alkatea da fundazioko lehendakaria. Gainera, hitzarmenean jasota daukate enpresarik ez dutela azpikontratatuko eta, beraz, egoitzari dagozkion erabaki guztiak egoitzan bertan hartzen dira. Ez da ohiko eredua Euskal Herrian, eta elementu giltzarria izan da Zestoako Zaintza Sarearen josturan. «Leku askotan, pertsonen ongizatea negozio bilakatu da. Eta guk erabaki genuen ez genuela utziko hori gertatu zedin. Guk gureari eutsi behar diogu, ikuspegi publikoa zaindu behar dugu. Ze, gure burua guk zainduko dugu ondoen eta erabakirik onenak gu bizi garen tokian hartuko dira», agertu du alkateak. «Garrantzitsuena da Zestoan dagoela erabakigunea. Eragile guztiak bertakoak gara, ez gaude beste inoren mende eta ikuspegi erabat publiko batez lan egiten dugu. Burujabetza hori oso garrantzitsua da», bat egin du San Juaneko zuzendariak.
Zaintza Sarearen eta bertan inplikatuta dauden agenteen erabakigunea Zestoa ez balitz, «ezinezkoa» litzateke halako estrategia bat martxan jartzea, elkarrizketatuen aburuz. Horrelako egitasmoetarako, gainera, txikia izatea du bertute Zestoak bere 3.800 biztanleekin, herritarrek, oro har, elkar ezagutzen baitute.
Konplexutasunak ere baditu, ordea, eta horietako bat da sakabanaketa. Bederatzi auzo ditu herriak, eta Mikel Arregik zehaztu duenez, 234 baserri habitatu. Etxebizitza bakoitzean bizilagun gutxiago izateko joera orokorrak antzematen dira herri honetan ere: 1973an, 4.400 biztanle zituen Zestoak 1.200 etxebizitzetan bizitzen. Gaur, 500 herritar gutxiagorekin, 1.800 etxebizitza habitatu daude herrian. Zailtasunak baino, «kontuan hartu beharreko aldagaiak» dira horiek, Joseba Illarramendiren iritziz, eta erronka, hortaz, sarea leku guztietara iristea litzateke.
Proiektu aitzindaria da Zestoako Zaintza Sarea eta, hargatik, bidea egin ahala ikasten ari dira, zaintzaren dimentsio erraldoia Urola bailarako herri honen neurrira doituz. «Asko egin da, baina asko dago egiteko», diote. Aurrera doaz, beraz.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
