Yasmine KHRIS
Itzultzailea
AZKEN PUNTUA

Denboraren pertzepzioa

Podcast mota bat maite dut bereziki: jende anonimoaren istorioak. Entzundako azkenean, pilotu batek kontatu zuen nola egun batean ia hil zen. Behin hegan, tiro hots handia entzun zuen. Norbaitek hegazkinaren atzealdean zaplada handi bat jo balu bezala. Eiekzioa saihetsezina zen. «Eiekzioa irudi finkoen flashen sekuentzia bat bezala bizi dut. Deskonektatuta nengoen. Denboraren pertzepzioa galdu nuen». Ziurrenik, ni bezala, ez zarete pilotuak, baina denbora desitxuratuaren sentipen hori ere bizi izan duzue noizbait: amets sakon batetik esnatu berri, oporretatik bueltan, edo aspaldi ikusi gabe lagun batekin berriro topo egitea, adibidez. Niri, kronologia kontzeptu gisa arrotza egiten zait. Bukatu berri den hilean oroitu ginen duela bost urte Covid lurreratu zela gure bizitzan, 3 urte daramatzagula Ukraina eta Errusiako irudiak desfilatzen ikusten, eta urte eta erdi a priori Israelek Gaza bonbardatzen. Eta astelehena zure zain dago, betiko “asteburu motzegiaren” ondoren. Ingelesek milagarren neologismo bat dute horretarako, blursday -“egun lausoa”, zehaztu ezin den asteko egun batean egotearen sentsazioa-. Gaur asteartea dugu, inauteriek udaberria iritsi dela adierazten diguten bitartean, mass mediek Hirugarren Mundu Gerraren mehatxuaren berri ematen digute. Hori ez al zen aspaldiko kontua?