Afganistango ekintzaileek eta Unescok «genero-apartheida» gelditzeko deia egin dute
Martxoaren 8aren harira, Afganistango emakume ekintzaileek, Unescorekin batera, «genero-apartheida» gelditzera deitu zuten. Neskek hezkuntzarako duten debekua salatu zuten.

Hamida Aman, Fawzia Koofi, Fakhera Moussavi, Zarqa Yaftali eta beste zenbait ekintzailek «talibanek Afganistanen emakumeen aurka egindako genero-apartheida geldiarazteko» deia egin zuten atzo, Unescok Parisen duen egoitzan antolatutako hitzaldian.
«Geldi ezazue Afganistanen gertatzen ari den genero-apartheida», eskatu zuen Parasto Hakimek, SRAK elkartearen sortzaileak. Elkarte horrek eskola sekretuak sortu ditu herrialdean, hezkuntzarako sarbidea debekatuta duten haur eta neska gazteak hezi ahal izateko. «Arrazako apartheida onartezina bazen, generokoak ere onartezina izan behar du», egin zuen aldarri Marzieh Hamidi emakumeen eskubideen aldeko aktibista afganiarrak.
Politikagintzako, ikerketa akademikoko, kulturako eta kiroleko erreferenteek, Martxoaren 8aren testuinguruan, Unescoren bozgorailua erabili zuten nazioarteko komunitateak «erantzukizun globala» duela salatu eta neska afganiarrentzat «gaitzespen hitzak» ez direla aski esateko. «Giza eskubideak erdigunean jarriko dituen ibilbide orri bat behar da», aldarrikatu zuen Richard Bennett Afganistango giza eskubideen egoerari buruzko adituak.
2021ean talibanek boterea hartu zutenetik eta hasierako promesak gorabehera, erregimen horrek «metodikoki lan egin du», Unescoren arabera, aurreko bi hamarkadetan emakumeen alfabetatzean egindako aurrerapen handiak iraultzeko. Izan ere, 70 dekretu baino gehiago eman dira emakumeen eskubideak eta, bereziki, hezkuntzarako sarbidea murrizteko.
«Afganistan da oraindik bigarren- eta goi-mailako hezkuntza neskek eta emakumeek erabat debekatuta duten herrialde bakarra», deitoratu zuen Audrey Azoulay Unescoko zuzendari nagusiak, ekitaldia zela-eta bidalitako mezuan. Era berean, talibanen «lege atzerakoien» ondorioz 1,5 milioi neskato bigarren hezkuntzarik gabe geratzen direla adierazi zuen. «Lehen-hezkuntza ondoko debekuak 2030era arte irauten badu, 4 milioi neskari baino gehiagori eragingo die», ohartarazi zuen Azoulayk.
HEZKUNTZA ERREALERAKO ALTERNATIBAK
Unescoren iritziz, neskentzako madrasa-sistema ez da irtenbidea; izan ere, ematen duten irakaskuntzak eta funtzionamenduak ez dituzte kontuan hartzen ikasketa-planen, irakasleen prestakuntzaren eta ikasleen garapenaren inguruko esparru eta gomendioak.
«Ez da hezkuntza, garuna garbitzen dute», salatu zuen Marzieh Hamidi kirolariak paneletako batean. Egoeraren larritasuna aintzat hartuta, ekintzaileek eta tokiko komunitateek, Unescoren laguntzarekin, ikaskuntza-metodo alternatiboak landu zituzten, Afganistango 2.650 herritan 55.000 gazte eta neskatila baino gehiagorengana iristea lortu zuten ekimen horietan.
Horretaz gain, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak Internet, irrati eta telebista bidezko hezkuntza-programetan inbertitu zuen, eta 17 milioi afganiar izan direla uste dute: «Neskak eskoletara itzultzeko egunaren zain gauden bitartean, gure erakundeak alternatiba bat sor dezaketen ekimenak babesten ditu».

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
