«Aitonak erakutsi zidan gizonak eta andreak gauza berak egiteko gai garela»
Maria Jesus Berrotaran Etxeberria aski ezaguna da Hondarribian. Herrigintzan eta feminismoan aitzindari, herriko lehen emakume udaltzaina izan zen, baita Emeki emakume elkartearen sortzailea ere. Izan ere, txikitatik ikasi zuen gizonak eta emakumeak gauza berak egiteko gai direla. Gaur egun ere bere «hondar alea» jartzen jarraitzen du berdintasunaren alde.

Martxoaren 8ko ekitaldiak prestatzen aurkitu dugu Maria Jesus. Berarentzat esanahi handiko eguna da, sinetsita baitago gizonak eta emakumeak berdinak garela. Baina irakaspen hori ez zuen liburuetan edo eskolan jaso, etxean baizik. Bere gurasoengandik eta, bereziki, bere aitonarengandik jaso zuen bere bizitza osoa markatu duen irakaspena. Horregatik, aitonari buruz galdezka hasi dugu elkarrizketa eta, argazkia egiteko, Hondarribiaren historian garrantzi handia izan duen XIII. mendeko Artzu baserriak kalean duen etxearen atarira eraman gaitu, familiaren historia gaurdaino gordetzen duen armarriaren ondora.
Orain dela hiru hilabete eskas egindako elkarrizketa batean esan zenuenak atentzioa eman zigun. Alegia, aitonak erakutsi zizula gizonak eta andreak pareko garela eta gauza berak egiteko gai. Nor zen zure aitona eta zer harreman izan zenuen berarekin?
Gure aitona, Nicasio Berrotaran, 1886an jaio zen Artzu baserrian. Bista galdu zuen Guadalupen lehergailu batek eztanda egin zionean, eta harrezkeroztik etxe barruko lan guztiak eta sukaldekoak berak egiten zituen. Kanpoko lanak gurasoen eta senideen artean egiten genituen. Gu hiru senide ginen, anaia zaharrena eta ahizpa gazteena, eta ni beti borrokan ibiltzen nintzen anaiarekin. Aitonak, ordea, esaten zidan: ‘Baina zer ari haiz kaskagogortuta borrokan. Orain utzi, eta gero, zimiko (atximur) bat edo bultza egingo dion, bera adina bahaiz eta’. Esaldi hori barrura sartu zitzaidan eta ni nire anaiaren adinakoa nintzela pentsatzeak asko markatu ninduen.
Nondik uste duzu zetorkiola pentsatzeko era hori? Berari ere hala erakutsiko ote zioten guraso eta aitona-amonek?
Nik esango nuke beharragatik zela. Izan zuen istripuarengatik etxeko lanak egitea egokitu zitzaion eta oso ondo moldatzen zen. Hala ere, baserrian beti denok egin izan dugu denetik, eta gure amak ere gizon batek bezala lan egiten zuen. Bereizketa hori ez da inoiz egon.
Euskal Herrian beti esan izan da baserritar eta arrantzaleen etxeak emakumeek gobernatzen zituztela.
Bai, hala da. Nik etxean hori ezagutu dut; andreak gizonak baino gehiago agindu izan du, nahiz eta ofizialki gizona agertu etxeko nagusi bezala. Arrantzaleen artean ere arrain-salmenta emakumeek egiten zuten, baina hori galdu egin da, eta ez orain dela hainbeste denbora.
Aitonaren irakaspenak izan zuen jarraipena lanean hasi zinenean…
Bai, ezkondu nintzenean, nik lana egin nahi nuen eta etxe batean sukaldari hasi nintzen. Hango etxekoandreak bigarren egunean esan zidan: ‘Uniformerik ez dizugu jarriko, zuk nire etxekoak baino gehiago balio duzu eta’. Ni harrituta geratu nintzen, etxean beti bihurria, kaskagogorra, saltsera nintzelako… Emakume hark hori esateak betirako markatu ninduen.
Beraz, zortea izan zenuen, garai haietan zeure kabuz aurrera egiteko gai zinela konturatzen lagundu zizutelako.
Bai, baina gaztetan ezkontzeko desiratzen nengoen, ikusten nuelako nire kaleko lagunek, mojetan ikasitakoek, ez zutela lanik egiten. Guk, ordea, umetatik lan egiten genuen baserrian eta lanik egin gabe bizitzeko aukera bezala ikusten nuen. Baina ezkondutakoan konturatu nintzen hura ez zela askatasuna, kartzela baizik. Nire senarrak egun guztia kanpoan pasatzen zuen kamioiarekin eta ni ez nengoen bizimodu horretara ohituta. Gainera, garai hartan dena zen senarra zerbitzatzea, eta ni baserrian ohituta nengoen eta han denok denetik egiten genuen. Nire amari esatera ez nintzen ausartzen, eta aitari esan nion. Berak, hori ez zela arazoa eta baserrian esku bat gehiago ondo etorriko zitzaiela erantzun zidan. Egunez han lan egin eta iluntzean itzultzen nintzen etxera, eta oso gustura.
Umeak koskortu eta gero, lehen aipatu duzun etxean hasi zinen sukaldari…
Senarrak dirua ekartzen zuen etxera, eta horrekin bizitzeko adina bagenuen, baina ni ohituta nengoen ekonomikoki inoren menpe ez egoten. Baserrian, udaberrian eta udazkenean, amak dirua ematen zigun, eta hura nire dirua zen. Ezkontzean, ordea, diru hori gabe geratu nintzen, eta senarrak ekarritakoaren zain egon behar nuen. Horregatik, lanean hastea erabaki nuen, eta aldi batez senarraren gurasoen jatetxean sukaldean laguntzen aritu ondoren, familia ezagun baten etxean sukaldari hasi nintzen. Ondo ordaintzen zidaten, baina konturatu nintzen berriz ere etxeko lanak egiten ari nintzela. Eta ez hori bakarrik, baizik eta ez nuela ez asegururik, ez langabeziarik, ezta erretirorik ere, eta nik gizonezkoen baldintza berdinak nahi nituen.
Orduan erabaki zenuen udaltzain izatea?
Egunkarian ikusi nuen Hondarribiko Udalak udarako udaltzain laguntzaileak behar zituela eta hori nik egiteko moduko lana zela pentsatu nuen.
Nola hartu zuten etxean?
Nire senarrak ez zuen ulertu, bere gurasoen jatetxean lana banuelako eta beldur zelako bere gurasoek esango zutenaz. Nik argi esan nion lan egin nahi nuela eta bere gurasoek esan zezatela nahi zutena.
Erraza izan al zen lanpostua lortzea?
Inolaz ere. Lehenbiziko aldian, 1979an, izena ere ez zidatela hartuko esan zidaten, andrea nintzelako. Muturreko handia jaso nuen, baina ez nuen etsi eta proba fisikoetarako prestatzeko korrika egiten hasi nintzen. Hurrengo urtean berriro iragarkia ikusi eta udaletxera joan nintzen. Oraingo honetan izena hartu bai, baina ez zidatela deituko esan zidaten. Berriro muturrekoa jaso nuen, baina hirugarren aukera bat iritsi zen: 1981eko neguan zortzi udaltzain hartzeko deialdia egin zuten, droga arazo handia zegoelako herrian, eta han aurkeztu nintzen. Ordurako urte eta erdi neraman korrika egiten eta proba fisikoetan bosgarren geratu nintzen. Hala ere, beldur nintzen ez nindutela hartuko, horregatik elkarrizketa pertsonala ondo prestatu nuen eta, azkenean, plaza lortu nuen.
Eta zer nolako esperientzia izan zen emakumezko lehen udaltzaina izatea Hondarribian? Egoera desatseginak bizi izan zenituen?
Lehenbiziko egunetik bertatik. Uniformea egiteko garaian, esaterako, alkatea konbentzitu behar izan nuen, takoidun zapatak eta gona jarri nahi zizkidatelako, baina nik gizonezkoek bezalako arropa nahi nuen, nik ez nuen desberdintasunik nahi. Are gehiago, sindikatuak esan zidan gaueko txanda ez egiteko aukera nuela, bi haurren ama nintzelako, baina nik ez nuen hori onartu eta besteek bezala lanean jarraitu nuen. Hamaika urtez, udaltzain emakume bakarra izan nintzen, baina oso ondo moldatzen ginen gure artean; bat gehiago nintzen.
Herritarrek zer-nola hartu zintuzten?
Lanean hasi nintzen lehendabiziko egunean, arraina saltzen ari zen emakume bat niregana hurbildu, ‘lotsagarri’ deitu eta etxera joateko esan zidan. Bigarren egunean, senarrarekin zihoan beste emakume batek ‘una olla y a casa’ oihukatu zidan. Gizonezkoren batek zerbait esan zidan, baina gehiago emakumeek. Bestalde, konturatzen zara istripu batean, adibidez, gizonezko udaltzain bat azalduko dela espero duela jendeak; badirudi emakumeok ez dugula konfiantza bera ematen. Hor ikusten da aldaketak gogorrak direla eta beti bizi garela besteek esango dutenaren beldurrez. Baina nik esaten dudana da: ‘Nik horiei kalterik egiten ez badiet, zergatik egon behar dut haiek esango dutenaren esperoan’. Nik etxean ez dut hori ikasi.
Bizitza osoa herrigintzan lanean
Maria Jesus Berrotaran betidanik herriko bizitzan parte hartu duen emakumea da. Udaltzain zelarik, Hondarribian DYAko sorosle taldea martxan jartzea bururatu zitzaion, istripu bat gertatzen zenean Irungo anbulantziaren zain egon behar izaten zutelako. Era berean, Emeki elkartearen sortzaileetarikoa izan zen.
Nolatan pentsatu zenuen emakume elkartea antolatzea?
1990eko hamarkada zen eta Irunen bertan hiru emakume talde zeuden eta Hondarribian bat ere ez. Orduan, zinegotzi batengana joan nintzen eta, ni ere udal langilea nintzela aprobetxatuz, lokal batzuk utzi zizkiguten, gurea lortu genuen arte. Hasieran, yoga saioak eta tailerrak egiten genituen, hitzaldiak antolatzen genituen, pala txapelketak ere bai, eta helduentzako heziketa ere antolatu genuen. Garai hartan alkohol arazo handia zegoen herrian eta gure elkartea emakumeen topagune bihurtu zen. Horretaz gain, osasun zentroan ‘matrona’ jartzea ere lortu genuen, Oiartzunen bazutela ikusita. 32 urtetan gauza asko egin ditugu.
Alardean parte hartzeko ideia ere Emeki taldetik sortu zen?
Bai, 1993. urtean alardean parte hartzeko eskaera egin genuen, baina kontuan hartzen ez gintuztenez, herri mailan kontzientziazio lana egiten hasi ginen, hiru urte luzez, 1996an lehenbiziko aldiz atera ginen arte. Hala ere, hasieran 250 bazkideko elkartea izatetik 75era jaitsi zen eta horregatik alardearen gaia bereiztea pentsatu genuen, Juana Mugarrietakoa kolektiboa sortuz, ez genuelako nahi desagertzea Emeki bihurtu zen topagunea eta eskaintzen zuen zerbitzua.
Gaur egun ere lanean jarraitzen duzu Emeki taldean, beste jarduera askoren artean.
Bai, eta, gainera, oso pozik nago Hondarribian berdintasun mahaia sortu delako, Udaleko berdintasun teknikariaren, herriko elkarteen eta norbanakoen artean. Joan den urtean hasi ginen, eta asmoa da mahai batean elkartu eta herrian dauden eskasiak aztertu eta ondoren udalari jakinaraztea. Une honetan baserri auzoetako ordezkariak erakarri nahian gabiltza. Oso erronka polita da, amets handi bat niretzat. J.S.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
