Jon GARMENDIA
Idazlea

Otsoa

Zeru berari begira diezaiokegu, zuk hortik, nik hemendik, eta ez dugu gauza bera ikusiko, ez gauza bera pentsatuko. Zerua itsaso zikin bat dela pentsatuz hil omen zen Martin Larralde galeretan -Ruperrek kantatzen ditu Sarrionandiaren hitzak-, begiak zabalik etzanda. Agian. Zolaren jarraitzaile eta Flauberten ikasle Maupassantek uraren gainean idatzi zuen zerua txoria bezala maite zuela, oihanak otso ibiltaria bezala, harriak basahuntzak bezala, belar zelaiak zaldi baten moduan korrika egiteko, eta ur garbia arrain baten moduan igeri egiteko; “Sur l’eau” fantasiazko eleberrian. Gure lurretan, aldiz, otso ibiltaria agertu dela diote Larunen. Larrun edo Larhunen. Hiru izen, izu bakar batentzat. Eta Bardozen, Ahurtin, bi ardi eta axuri bat hil ote dituen. Alerta orain, gizon batzuk beste gizon batzuei zer egin behar den erraten. Otsoek baino, ardi gehiago hiltzen badituzte ere zakur salbaiek urtero, baita artzainek ere, babesten dituztela uste badute ere Ovis ariesek. Hortxe agurtu nau Maupassantek: Lurra berak bezala maite duela eta ez zuek bezala erranaz, gizonak. Miretsi gabe maite duela, poetizatu gabe, bere burua goratu gabe. Zeren honek guztiak, gogoa lasai utziz, zeruak, urak, gauak, oihanak, egunsentiak eta begirada nahasten ahal ditu. Homo homini lupus [Gizona gizonarentzat otsoa].