GARA
DONOSTIA

Andrazko epaileak, gehiago izanda ere, kristalezko sabaia hautsi ezinda

Astelehenean, martxoaren 10ean, Emakume Epaileen Nazioarteko Eguna izan zen. Emakume epaile baten egunerokoaren berri izateko Ane Fadrique epaile tolosarra izan zen NAIZ Irratian. Irungo 4. Instrukzio Epaitegiko magistratu titularra da gaur egun.

Bilboko Justizia Jauregia.
Bilboko Justizia Jauregia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ane Fadrique tolosarra Irungo 4. Instrukzio Epaitegiko magistratu titularra da gaur egun. Irunen bost epaile dira; horietatik lau, emakumeak. Ezohiko egoera izatetik urrun, karrera judizialean, gaur-gaurkoz, emakumeak gehiengo nabarmena direla aipatu zuen Fadriquek atzo NAIZ Irratian, Emakume Epaileen Nazioarteko Egunaren karietara egindako elkarrizketan. Gehiengoa izan arren, emakume epaile guztiek jasaten dute kristalezko sabaia, Fadriqueren aburuz.

Datuok esku artean, Euskal Herriko prozesu judizial ohikoenetan emakume magistratu batekin egingo luke topo, ziur asko, herritarrak. Politizatuta dauden botere-organo judizialetan jaisten da nabarmen emakumeen presentzia, Fadriquek esandakoaren arabera; «Auzitegi Gorenean edo Auzitegi Nazionalean», kasu. Izan ere, «kontuan izan behar da 1966ra arte debekatuta zegoela emakumezkoentzat zuzenbide ikasketetan sartzea».

Diskriminazioa, hortaz, egon badago, zuzenekoa, zeharkakoa eta kasu batzuetan bikoitza ere izan daitekeena. Magistratuak uste du, oro har, posizio on batean dagoela, baina diskriminazio egoerak jasatea zer den ere badaki, emakumea izateagatik, bai eta gaztea izateagatik ere. Edonola ere, emakume askok «diskriminazio hirukoitzak» ere jasaten omen dituzte; arraza, kultura edo posizio ekonomikoagatik.

GIZARTETIK ZEIN JUSTIZIATIK EKITEAREN GARRANTZIA

Hain justu, Fadriquek emakumeen aurkako indarkeria-auziak jorratzen ditu. Egoera ez da berria, baina berriki izan dira gizartean ezinegona eragin duten pare bat erabaki judizial. Alde batetik, Iruñeko “La Manada auziko” bi akusaturi espetxe zigorra urtebete murriztu diete. Bestalde, adingabe bat bortxatzeagatik ezarritako zigorra murriztu diote beste gizon bati, neskak 13 urte baino gehiago zituela zirudien argudioa ontzat emanda.

Kasuan kasuko xehetasunak ezagutu gabe bete-betean sartu nahi izan ez zuen arren, Fadriquek ulertzen du gizartean haserrea piztu izana eta begi onez ikusten du erreakzioa: «Edozein botere, Estatuaren botereak garen aldetik, kritikagarriak gara eta horrek egiten du estamentu bat demokratikoa izatea».

Hala ere, aipatu zuen «kezkagarriak» direla batzuetan helarazten diren mezuak: «Ezin dugu zalantzan jarri neskato batek 13 urte zituela, ezin gara usteetan edo bere jarreraren interpretazioetan sartu, fokua emakumearengan jartzen ari garelako beste behin tamalez, eta ez ustezko erasotzailearengan».

ERROA JENDARTEAN DUEN AFERA

Hortaz, Ane Fadriquek uste du badaudela arrazoiak haserretzeko eta aldaketak eskatzeko. Baina, era berean, sistema judizialean ez ezik, gizarte osoan erroko aldaketak sustatzean jarri zuen azpimarra, egungo justiziaren gabeziak oraindik ere matxista den gizarte baten isla direlako: «Arazoa sakonagoa da. Gaitz hau gizarte osoarena da, eta hausnarketak ere kolektiboa izan beharko luke, transbertsala, hortik aurrera egiteko».