Errigoraren udaberriko kanpaina martxan da dagoeneko
Udaberriko aurtengo kanpaina martxan jarri du dagoeneko Errigorak. Produktuen eskaerak egiteko epea zabalik izango da hilaren 26ra arte. Sorta berriak eskaintzen dituzte oraingoan (arroza, lekaleak, almendrak, pasta eta ardoak).

Udaberriko aurtengo kanpainari ekin dio Errigorak. Eskaerak egiteko epea zabalik da eta hilaren 26ra arte iraungo du. Erosleek egindako eskaera jasotzeko, berriz, apiril bukaera edo maiatzera arte itxaron beharko dute. Eskaerak egiteko modurik eraginkorrena webgunea dela esan zuten.
«Egungo kontsumo ereduaren onuradun nagusiak bitartekariak dira, herritarron elikadura negoziorako tresna erabiliz aberasten direnak. Horrek kinka larrian jartzen gaitu ekoizle nahiz kontsumitzaileak, horien ongizatea enpresarien espekulazio ariketek baldintzatzen dutelarik. Testuinguru ezegonkor honek bestelako eredu bat sortu eta bultzatzeko beharra etengabe azaleratzen du», nabarmendu zuen Errigorak.
Eredu hori elikadura-burujabetza dela argitu zuen; alegia, «Euskal Herrian kontsumitzen ditugun elikagaiak hemen ekoiztuak izateaz gain, elikagaien ziklo guztiaren gaineko (ekoizpena, banaketa eta kontsumoa) erabakimena ere herriaren eskuetan egotea. Horretarako, ekoizle nahiz kontsumitzaileen parte hartzea eta kontzientzia hartzea ezinbestekoak dira. Bide hori sustatuz, denon, komunitate osoaren (ekoizle zein kontsumitzaileen), zaintza helburu nagusi bilakatzen da. Horrela, eskematik kanpo uzten ditugu bataren zein bestearen miseria elikatzen duten enpresa erraldoien interesak», azaldu zuen.
ONURA UGARI
Kanpaina honek ekoizleentzat onura ugari dituela esan zuen. «Kontsumitzaile konprometituen sare trinko bat jartzen diegu eskura, zeina baloretan oinarritutako eta bi aldeentzako bidezkoa den harreman bat bultzatzeko prest dagoen. Horren bidez, ekoizleak ekoizten dituen produktuek aterabidea izango dutela ziurtatzen dute».
Nafarroarentzat ere bertan landutako eta ekoiztutako produktuak Euskal Herri osora zabaltzea onuragarria dela aipatu zuten. «Elikadura burujabetzaren ildoan zentratutako kanpaina da Eskutik Eskura. Honek Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat lan egiteko norabidea ematen digu. Bertako beharrei erantzuten dien sareak eta eskaintza plazaratzea du helburu. Horren bidez, euskal lurraldeen arteko loturak areagotzen laguntzen digu», aipatu zuten Euskal Herriari egiten dion onurari buruz.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
