Izurdeak, terapia egiteko lagun

Brasilgo Amazonian, aniztasun funtzionala duten pertsonei laguntzeko terapia osagarri bat erabiltzen dute, izurde arrosekin.

Terapia saio bat, Brasilgo Amazonian, izurde arrosa batek lagunduta.
Terapia saio bat, Brasilgo Amazonian, izurde arrosa batek lagunduta. (Michael DANTAS | AFP)

Amazonas ibaiaren adarrik emaritsuena da Rio Negro. Bertako uretan murgilduta dauka Luiz Felipek gorputz erdia. Delfin arrosa bati helduta dago eta irribarretsu eskatzen du: «Atera argazkia!». Izurdea lasai dago eta arazorik gabe jasotzen ditu laztanak. Down sindromea duen 27 urteko gaztea da Luiz Felipe. Otsailaren erdialdean iritsi zen Brasilgo Amazoniako Iranduba hirira, 2025eko lehen izurde-terapian parte hartzeko. Ia hogei urtez, metodo honek aniztasun funtzionala duten pertsonei lagundu die, naturarekin harremantzea sustatuz eta ospitaleetatik urrunduz. «Terapia osagarri bat da, ez ditu beste tratamenduak ordezkatzen, baina haur eta gazteei animoa, naturarekiko lotura eta ospitaleetan aurkitzen ez duten indarra ematen dizkie», azaldu dio AFPri Igor Simoes Andrade fisioterapeuta eta «bototerapia»-ren sortzaileak. 2006tik, babesleen laguntzari esker, terapia hau doan eskaintzen da eta 400 familia inguruk jaso dute onura. Beste herrialde batzuetan ere animaliekin terapiak egiten diren arren, Simoesek dio bere metodoa aske eta beren ingurune naturalean dauden izurdeekin egiten den lehena dela munduan.