ALAIA SIERRA
GASTEIZ

Lou Reeden moldeak maileguan hartu eta disko berria ondu du Mikel Telleriak

Mikel Telleria musikariak “Oroit Lou Reed” diskoa plazaratu berri du. Berarentzat «erreferentzia musikala» den artistaren doinu eta moldeetan oinarritu da, omenaldi gisa.

Gasteizko Jimmy Jazz aretoan aurkeztu zuen disko berria Mikel Telleriak.
Gasteizko Jimmy Jazz aretoan aurkeztu zuen disko berria Mikel Telleriak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Lou Reed musikari estatubatuarra «ezinbesteko erreferentzia musikala» da Mikel Telleriarentzat. Miresmen hori oinarri hartuta egin du bere lan berria, “Oroit Lou Reed” izeneko diskoa. «Rock alternatiboaren aita» izandakoaren konposatzeko eran oinarriturik, euskarazko hamar abesti berri osatu ditu. Hala azaldu zuten atzo Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, datorren ostegunean, hilak 20, diskoaren aurkezpen kontzertua hartuko duen agertokiaren aurrean, hain zuzen.

Autoprodukzio lana da, Sonora Estudios grabaketa estudioan egindakoa eta Koldo Uriartek ekoitzitakoa.

Musikari idiazabaldarrak adierazi zuenez, pandemiaren ostean etorri zitzaion diskoa burura lehenengoz, Jonan Ordorikak Lou Reeden omenez “Lou Reed. Mila esker” bilduma egin zuela jakin zuenean. Euskaratutako bertsioz osatutako horren harira, «beste pauso bat» eman du Telleriak, bere abesti propioak konposatuz.

Sormen prozesuan zailtasun gehien ekarri dizkion abestia lehenengoa izan da, diskoaren homonimoa. «Lou Reed aipatzen duen kantu bat denez», ez da arina, «pisuzkoa izan behar zuen letrak», esan zuen Mikel Telleriak. Estatubatuarraren hitzetan batik bat Charles Bukowski bezalakoen «eragin oso nabarmena» azpimarratu du, eta ‘Dirty Boulevard’ abestian inspiratu da honetarako.

Gainerako kantak «nahiko libreak» direla adierazi zuen. Bigarrenak, “Atarian” izenekoak, Zygmunt Bauman soziologoaren “Maitasun likidoa” liburua du oinarri, internetek aurrez aurreko solasaldietan izan dezakeen eragin negatiboari buruzko hausnarketan.

“Enkantea” zortzigarrena da. Honetan, sare sozialen «giro kutsakorra» du hizpide musikariak. Horretaz gain, Gabriel Arestiren “Harri eta Herri” poema liburuan oinarritu da. “Egin behar aukera”, hirugarrena, eta “Antsiaz jota nago”, zazpigarrena, «biziagoak» dira. Hirugarrena rock arin bat da eta zazpigarrena Ramones taldeari egindako keinua da, Lou Reedek babestu zuelako eta New Yorkekoek bere musikari jarraipena eman ziotelako, Telleriak atzo hedabideei argitu zienez.