G.I.
HERNANI
WOLFGANG (EXTRAORDINARIO)

AENri buruzko «feel good movie»-a

Filmaren zuzendaria Javier Ruiz Caldera da eta ‘‘feel good movie’’ kutsua duen tonua du oinarri. Laia Aguilarren izen bereko eleberrian oinarrituta dago; 13 edizio argitaratu ditu dagoeneko, eta 20.000 ale baino gehiago saldu. Wolfgang da filmaren protagonista nagusia, 152ko adimen kozientea eta Autismoaren Espektroko Nahasmendua dituen hamar urteko mutikoa. Ama bat-batean hil eta gero, Carles aitarekin bizi beharko du; aita lehen aldiz ikusten duen unea izango da hori. Carlesek positibismoz eta borondatez aurre egin nahi dio erronkari, baina Wolfgangek ez ditu jasaten aitaren desordena eta utzikeria.

Miki Esparbe eta Jordi Catalan dira aktore nagusiak. Azken honek -haur protagonistaren rola jokatzen duenak- film honetan egin du debuta, 700 haur baino gehiagoren artean hautatua izan ondoren.

«Pantailan hain gutxi ikusitako pertsonaia bat esploratzea interesatzen zitzaidan. Wolfgangen buru harrigarriaren bidez kontatu nahi nuen guztia», azaldu du zuzendariak. Halaber, honako hau ere aipatu du: «Istorio bat haur baten ikuspuntutik kontatzea beti egin nahi izan dudan zerbait da. Nobela irakurri nuenean, honelako film bat egiteko protagonista aproposa aurkitu nuela sentitu nuen».