GARA
LAKUNTZA

Gatibu, Non Servium, Brigade Loco, Su Ta Gar, Süne... azken Hatortxu Rocken

Uztailaren 24 eta 27 bitartean Lakuntzan egingo da azken Hatortxu Rock. Dagoeneko 35 talderen berri eman dute. Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chulería Joder, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servium, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne, Maruxak, Ibil Bedi, Sukena, The Lio eta Kaotiko iragarri zituzten atzo.

Lakuntzak 2017an hartu zuen jaialdiaren irudia.
Lakuntzak 2017an hartu zuen jaialdiaren irudia. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Hatortxu Rock bere amaierara iristen ari da. Uztailaren 24 eta 27 bitartean Lakuntzak hartuko du azken edizioa. Dagoeneko 35 talderen berri eman dute sustatzaileek. Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chulería Joder, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servium, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne, Maruxak, Ibil Bedi, Sukena, The Lio eta Kaotiko dira iragarritako azken izenak.

Aurretik, urtarrilean, beste hamar talderen izenak iragarri zituzten: Bulego, Nøgen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos eta Betagarriren presentzia baieztatua dago.

HIRU TALDEREN ITZULERA

Hauekin guztiekin batera, Euskal Herriko hiru talderen itzuleraren berri eman zuten otsailean: Never Surrender, Buitraker eta Autobus Magikoa. Eta ez dira bakarrak izanen.

Never Surrender taldea Arrasaten sortu zen 2002. urte hasieran. Arrasateko lau lagunek osatzen dute: Pottoko (abeslaria), Arri (gitarra), Dura (baxua) eta Atxi (bateria). Punk-oi estiloak batu zituen eta horixe jorratu zuten luze eta zabal. Lehenengo kontzertua 2002ko azaroan eman zuten. Azkena, berriz, 2019an. Lakuntzan, baina, zita bat dute Hatortxuren agurrean, sei urteren ostean, Lakuntzan itzuli egingo dira.

Buitraker Iruñeko euskal musika taldea izan zen, 1992an sortua, eta nafar hiriburuko underground eszenan ahoz aho haziz joan zena, 1998an “Lurrun makina” diskoa plazaratu arte. Rock eta Metal musika jorratu zuten, baina soinu elektronikoek eman zieten nortasuna. 2006ko azaroaren 7an igo ziren eszenatoki batera azkenekoz, eta orain Hatortxuri «agur» esateko elkartu dira, ia bi hamarkada geroago.

Iragarritako hirugarren itzulera Autobus Magikoarena da. 2015ean sortu zuten. Paul San Sebastian, Julen Etxebeste, Beñat Ibargoien, Xabi Belaunzaran eta Gotzon Retegik osatzen dute. Gipuzkoan fenomeno bihurtu ziren urte horietan, euskal reggae musika ardatz zutela. Azken kontzertua 2018ko martxoan eskaini zuten, Ernai gazte antolakundeak Oiartzunen egindako Gazte Akelarrean.

«BEHAR BEZALAKO AMAIERA»

«Hatortxu badoala iragarri genuenetik, ideia batekin lanean ari gara. Jaialdi honek izan duen ibilbidea kontuan hartuta, erdietsi dituen lorpenak ahaztu gabe, eta oraindik errepresaliatu politikoen auziari erabateko konponbidea emateko urratsak falta direla ahaztu gabe, behar bezalako amaiera ematea elkartasun jaialdiari», adierazi zuten atzo ohar baten bidez.

Eta horretarako, eskaintza mamitsu bat izango dutela aurreratu dute Hatortxu Rocken antolatzaileek. Izan ere, dagoeneko uztaileko azken asteburu horretan egonen diren 35 izenen berri eman badute ere, osotara elkartuko diren taldeen heren bat baino ez da. Sakanako herrian 100 talde inguru bilduko dituzte, milaka lagunekin batera, azken Hatortxu Rock ospatzeko.

«Eszenatoki gaineko eskaintzaz gain, elkartasun jaialdia inguratuko duen guztian ere lanean ari gara: kanpalekua, bestelako egitarauak… Datozen asteetan joanen gara xehetasun guztiak ematen, herritarren oroimenean geratuko diren egun batzuk marrazteko», ohar egin zuten.

Aukera galdu nahi ez dutenek sarrerak eskuragarri dituzte jaialdiaren webgunean (www.hatortxurock.eus). Lau eguneko bonuak 105 euroko salneurria du, eta aurrerago ere egun bakoitzeko sarrerak eskuratzeko aukera izanen da.