«Plan dokumentala, ikerketa eta dibulgazioa dira Gogoraren ildoak»
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako legegintzaldiak abiadura hartu du. Maiatzaren 14an beteko da lehenbiziko urtea. Aldaketen artean, gaur egun Gogora oroimenaren institutua Exekutiboaren PSEren zatiak zuzentzen du. Alberto Alonso da bertako zuzendaria, eta NAIZ Irratian izan zen atzo elkarrizketan. Azken hilabeteen balantze baikorra egin zuen.

Legebiltzarkidea izatetik Gogora institutuko zuzendaria izatera igaro da Alberto Alonso. Urtea betetzear den honetan, azken hilabeteen balantze positiboa egin zuen NAIZ Irratian. Zehaztu zuenez, lehenengo denboraldi honetan estrategia «lankideekin batera hausnarketa handi bat zabaltzea» izan da, baina etxe barruan bakarrik momentuz, oraindik ez da gizartean islatu. Dena den, Zuzendaritza Kontseiluak plan berri bat adostu eta idatzi du, eta aurki ezagutzera emango dute.
Duela gutxi burutu zen institutuaren lehen Zuzendaritza Kontseilua. Bertan onartu zen 2025-2028 jarduera plana, eta horrek bilduko dituen hiru lan ildo nagusien berri eman zuen Alonsok.
Artxibo nazional bat
Lehen oinarri funtsezkoa «plan dokumentala» litzateke, artxiboak pixkanaka digitalizatu eta bertara ekartzeko. Ondoren, artxibo horien gaineko ikerketa etorriko litzateke: aktibatuko duten planean, izenak ez ezik «gertakarien testuingurua» jasotzea da asmoa. Hirugarren zutarria dibulgazioa izango da; dokumentuak jaso eta ikertu ondoren, plazaratzeko eta gizarteari ezagutarazteko. «Mahai inguru, liburu aurkezpen, erakusketa eta udako ikastaroen bitartez» egingo dute hori, eta betiere gazteriari lehentasuna emango diote.
Alberto Alonsori galdetu genion, Euskal Herrian artxibo ugari egonik, ea nazional baten beharrik legokeen, dena bateratzeko. Horretarako asmoa dutela erantzun zuen, baina oraingoz «artxibategi handienak foru aldundiek» dituztela argitu zuen.
2025eko gakoak
Deportazioa izango da 2025 honetako «ardatz tematikoa». Aurten 80 urte dira nazien kontzentrazio esparruetara bidali zituzten deportatuak askatu zituztenetik, eta, familiekin zein elkarteekin hitz egin ostean, Gogorak ondorioztatu du gizarteak zor bat zuela haienganako. Momentuz, ekitaldi bat prestatu dute haiek omentzeko eta, gainera, hiriburu desberdinek erakusketak jasoko dituzte. Horrekin batera, udako ikastaro bat ere eskainiko da gaiaren inguruan.
Aurten 80 urte betetzen dira ere Gernika Batailoiak II. Mundu Gerran parte hartu zuenetik, eta omenaldi bat antolatu dute Gernikan hiru aste barru.
Urteurrenez ari garela, berriki Martxoaren 3ko sarraskiarena izan da. Fundazioaren eraketa lanen xehetasunak eskaini zizkigun Alonsok: «Fundazioa errealitate bat da. Bide luzea izan da, baina konponketa lanetarako gida orri bat prestatzen ari gara, eta ondoren hausnarketa estrategiko bat ere etorriko da».
Hain zuzen ere, asteazken honetan bertan Martxoak 3 elkarteak salatu zuen gotzaindegiak jaiotzekin okupatu duela lurra eta bisita gidatuak boikotatzen dituztela, sarbidea giltzaz itxita. Ardura azaldu zuen Gogorako zuzendariak honen inguruan. Haiekin hitz egiteko aukera izan zuen, eta uste du «egin beharreko lehen gauza» patronatuan gaia ateratzea dela, kudeaketa argitzeko; giltza zeinek hartu behar duen edo San Frantzisko elizarako sarbidea nork izango duten, adibidez.
Antzeko beste dinamika bat da La Cumbre jauregiarena. Memoriaren inguruan jarduten duten eragile desberdinek proposamen idatzia egin dute, oroimen guneak nolakoa izan behar duen zehazteko. Gaur arte, Gobernu espainolaren eta Donostiako Udalaren arteko harreman bat izan dela esan zuen Alonsok: «Hasieratik esan dugu laguntzeko prest gaudela. Eztabaida zabaltzeko dokumentuak ditugu, eta eskura jar ditzakegu; baina gure lan bakarra aholkularitza da, eta adostasunaren ondorioa izan behar du horrek».

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
