«Gehiengo sozialaren alde egin dugu, zerbitzu publikoak mantentzearen alde»
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan EAJ, PSE eta Podemosen artean lortu duten zerga erreformaren akordioaren «balorazio oso positiboa» egin du Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako iraunkortasun diputatuak, NAIZ Irratiarekin solasean. «Argi dago zer norabide hartu dugun: gehiengo sozialaren alde egin dugu, gure zerbitzu publikoak mantentzearen alde», adierazi du.

Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun diputatua, gustura agertu zen zergen erreformaren akordioarekin. «Gehiengo sozialaren alde egin dugu, zerbitzu publikoak mantentzearen alde», adierazi zuen atzo NAIZ Irratiarekin elkarrizketan. Neurri hauek nabarmendu zituen: «Lanaren errentak asko hobetuko dira, enplegu duinaren alde, eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta kontziliazioa lortzeko urratsak ere badira. Etxebizitzan, bereziki gazteen alde hartutako erabakiak oso berriak eta aurrerakoiak dira».
Iraunkortasun diputatua izanik, «oso pozik» dago ingurumen babesarekin eta «zerga guztietan gai honetan bereziki egiten diren aurrerapenekin».
Norabide egokia «Norabide egokia hartu dugu, eta zerga erreformak norabide hori bermatzen du, argi eta garbi», baieztatu zuen. «Neurri batzuk sakondu egin dira, norabide egokian. Progresibitatean, adibidez, lan errentetan eta bereziki aurrezki eta kapital errentetan, eta baita sozietateek ordaindu behar duten gutxienekoan ere».
«Gauza batzuk entzun ditut, eta ez nago ados», argitu zuen. «Uste dut zerbitzu publikoak mantentzeko lortuko ditugun sarrerak bermatzen direla, eta hori garbi ikusiko da hurrengo urteetan. Gehiago nork ordaindu behar duen argi uzten du zerga erreforma honek eta, horregatik, guk PPrekin ezin genuen inolako adostasunik lortu. Gainera, publikoki salatu nahi dut, EH Bildu ez da ezer busti, bazter batean gelditu da eta ez du mahai gainean proposamenik jarri. Beraiek jakingo dute. Politika hutsean jokatzen ari dira, eta ez gure ongizate sistema bermatzearen alde. Horretan egon da PSE. Eta EAJ eta Podemosekin lortu dugun akordioa oso positiboa da. Ikusiko dugu hurrengo urteetan zer onura ekarriko dituen gure gizartearentzat».
Zerga akordioaren bidez foru aldundiek diru gehiago jasoko dutela adierazten dute lehen aurreikuspenek. Hala ere, diputatuak azaldu zuen egoera ekonomikoak markatzen duela zenbat ordaintzen den. «Azken urteak oso positiboak izan dira. Aurten Gipuzkoako Aldundian historian izan dugun aurrekonturik handiena dugu. Horrekin ere pozik gaude. Kontua da zer nolako egoera ekonomikoa izango dugun etorkizunean. Zergen sistemaren bitartez erabakiko da nork ordainduko duen gehiago eta nork jasoko dituen onurak».
Diru iturri berriak «Errenta handiena dutenek gehiago ordainduko dute, progresibitatea areagotu baitugu. Sozietate zergan ere gutxienekoa %15etik 17ra pasatu denez, hortik ere diru gehiago jasoko da. Eta egongo dira zerga berriak ere, adibidez ingurumenari dagozkionak. Batzuk kenkariak izango dira, baina beste batzuk zerga berriak», ohartarazi zuen Asensiok.
«Etxebizitzaren gaian, gazteentzat eta errenta baxuak dituztenentzat kenkariak egongo dira. Baina errenta handiak dituztenentzat ez dago inolako kenkaririk; hortaz, progresibitatea asko hazi da. Hortik sortuko dira sarrera berriak eta baita onura berriak ere gutxien dutenentzat».
Etxebizitzan %150eko errekargua ezarriko da ondasun higiezinen gaineko zergan, baina soilik Bizkaian eta Araban. Zergatik ez Gipuzkoan? Hori udalen esku dagoela erantzun zuen diputatuak.
Auziak, artxibatuta Artxibatu egin dira ingurumenaren aurkako delituengatik erraustegiaren kontura irekitako eginbideak. «Urte eta erdi daramat egoera honetan. Ez da zilegi hala egotea; politikan ez du denak balio. Kasu honetan, GuraSOSek egindako salaketa bat da, beste bat, eta denak galdu ditu. Politikariok defentsa gutxi dauzkagu halako egoeretan, eta injustua da. Hainbat eta hainbat gauza idatzi dira, beti gauza bera esanez, ikertua nintzela, auzipetua nengoela, eta gure legitimitatea zalantzan jarriz. Guk bagenekien ez zegoela inolako deliturik», esan zuen.
Bukatu da ekonomia zirkularrari buruzko munduko zazpigarren topaketa. Aldundiaren estatistikek diote 6.500 milioi euroko eragina duela ekonomia honek Gipuzkoan. «Gure BPGaren %6tik gorakoa da. Ekonomia berri bat bultzatzeko modu berri bat da, eta iraultza bat ikusiko dugu datozen urteetan», iragarri zuen.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
