«Nafarroarekin elkar ulertzeko ateak ireki dira eta zubiak egin ditugu»
GRABNI lehiaketa hastear dela, Euskadiko Pilota Federazioak eta Nafarroakoak akordioa erdietsi dute Nafarroako pilotariek ere parte har dezaten. Ez da halakorik Errioxako Federazioarekin, TASen aurrean Espainiako Federazioak ezarritako salaketarekin lerratu delako. Espainiak berak ere tematuta dagoen lekutik mugitzeko ez du inolako asmorik.

Euskadiko Pilota Federazioa Nazioarteko Federazioan eskubide osoko kide gisa onartu zuten joan den abenduaren 28an. Erabaki horren aurrean salaketa ezarri du Espainiako Federazioak, Kubakoa lagun, TAS Kirol Arbitraje Tribunalaren aurrean, eta erdibidean Nafarroa harrapatzekotan izan da, GRABNI lehiaketa jokatzeko bezperan.
Nafarroa eta Errioxa GRABNI lehiaketan izango dira?
Nafarroa, bai; Errioxa, ez.
Nola hartu duzue erabakia?
Ostegunean Errioxakoekin bildu ginen eta ez ginen beraiekin akordio batera iritsi. Guk mahai gainean jarri genuen egoera hau dela Espainiak TASen aurrean guri, Euskadiko Federazioari, jarritako salaketari buruz, eta, ondorioz, horretaz aritu ginen.
Errioxako (Federazioko) presidentea da baita ere Espainiako (Federazioko) presidenteordea eta, halatan, bera ados zegoen Euskadiren aurka Espainiak egindako salaketa horrekin. Gonbidatu genuen, ustez konponduko ginelakoan, baina beraiek salaketarekin jarraitzen dute. Koherenteak izanik eta Nazioarteko Pilota Federazioak -FIPV- hartutako erabakiarekin bat eginez, guri salaketa hori kentzen ez badigute, Errioxa ere kanpoan geratzen da.
Nafarroak, berriz, parte hartuko duela esan duzu. Ikusi genuen Nafarroako Federazioko Lehendakariaren agerraldia. Zer adostu da?
Adostu da ateak irekita daudela edo zubiak egin ditugula. Hurbiltze handia izan dugu, baina, era berean, hurbiltze prozesu horretan aurrera jarraitzea ere adostu dugu.
Javier Conde zen Nafarroako Pilota Federazioko presidentea, eta orain Estatu espainoleko Federazioko presidentea da. Hurbilketarik bada?
Ez, batere ez. Guk proposatu diegu TASen barruan arbitrajearen ordez bitartekaritzaren bidetik joatea, baina ez dute onartzen eta ez dira mugitzen.
Salaketak zer dio, Euskadi ezin dela Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko parte izan?
Hori da. Beraiek Nazioarteko Federazioa salatzea abenduaren 28an egin zuten, Batzar Orokor hori zela-eta. Ba, tira. Baina guk han ez genuen parterik hartu. Ez genuen bozkatu. Ez genuen inolako parterik izan. Guk eskaera besterik ez genuen egin, eta eskaera egiteagatik salatu egin gaituzte.
Euskadiko Pilota Federazioa zein egoeratan gelditzen da Nazioarteko Federakuntzan?
Onartu gaituzte eta urtebeteko trantsizio epea daukagu. Nazioarteko Federazioan eskubide osoko kideak gara, baina urtebeteko trantsizio egoeran. Horrek esan nahi du ezin dugula Nazioarteko Federazioak hartutako erabakien kontra jo. Kasu horretan, berriz ere euskal selekzio ofizialik gabe geratuko ginateke, eta hori ezin da arriskuan jarri.
Honek eraginik ba al du Euskadiko Federazioko pilotariengan? Joka dezakete?
Euskadiko Federazioko pilotariek horixe jokatu dezaketela. Maiatzaren 31n izango den Nazioen Ligako txapelketan parte hartu ahal izango dute euskal selekzio ofizialarekin.
Zer gertatu behar da Euskadiko Federazioa kide izateko?
Guk dagoeneko parte har dezakegu! Urte honetan ezin dugu FIPVen erabakien aurkako bestelako erabakirik hartu.
Ezin duguna da, Nazioarteko Federazioak zerbait egiten badu, guk beste erabaki ezberdin bat hartzea. FIPVen eskutik joan behar dugu.
Gerta liteke Espainiaren salaketa horren bidez Euskadiko Federazioa botatzea?
Ez, ez dute botako. Dagoen egoeran, Espainiako Federazioari ez liokete Gernikan -maiatzeko Nazioen Ligan- jokatzen utziko. TASekoa bitartekaritzara bideratuko balitz, FIPVek esan du orduan onartuko lukeela Espainia.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
