Euskaraldian belarriprest edo ahobizi moduan izena emateko epea ireki dute
Euskaraldia hasteko bi hilabete falta direla, atzo Gasteizen egindako ekitaldian ireki zuten herritarrek izena emateko epea. Euskara gehiago erabil dadin ekimen honek egiten duen ekarpena nabarmendu zuten bertan. «Gaur-gaurkoz Euskaraldia da helburu hori lortzeko dugun tresna eraginkorrena eta masiboena».

Bi hilabete baino ez dira gelditzen Euskaraldia hasteko, eta laugarren edizio honetan belarriprest edo ahobizi moduan izena emateko epea ireki zuten atzo. Maiatzaren 15etik 25era izango da, eta antolatzaileek espero dute milaka eta milaka lagun txapa paparrean jantzita ibiltzea.
Izena emateko epea ireki dela iragartzeko antolatu zuten ekitaldia Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean. Bertan bildu ziren dozenaka lagun. Euskaraldiaren nondik norakoak azaltzen, berriz, oholtza gainean egon ziren: Ibone Bengoetxea Lakuako Gobernuko lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria; Irati Iciar, Taupako lehendakaria; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzaile orokorra.
Gogoratu zuten Euskaraldia euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua dela, edo, beste era batera esanda, euskara gehiago erabiltzeko ariketa praktikoa. Irati Iciar Taupako lehendakariak nabarmendu zuenez, «urte askotan foku nagusia euskararen ezagutzan jarri da, eta premiazkoa da erabilera sustatuko duen paradigma berri bat bultzatzea. Gaur-gaurkoz Euskaraldia da helburu hori lortzeko dugun tresna eraginkorrena eta masiboena».
Euskaraldia «arnasa luzeko» ekimena dela esan zuen Taupako lehendakariak, izan ere, «edozein ohitura aldatzea ez da erraza, are gehiago hizkuntza ohiturak direnean, baina apurka-apurka, edizioz edizio, erabileran jauzi garrantzitsuak ekarri ditu».
Alde horretatik, Bengoetxeak Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatzeko bidea badela adierazi zuen. Euskararen erabileran jauzia egin behar dela aipatu zuen, bai lagunartean, bai laneko kideen artean zein senideen artean. Eta aipamen berezi bat egin zuen euskaratik urrun daudenak ere euskarara erakartzeko, euskarak «denok» behar gaituelako.
BELARRIPREST
Ana Ollok adierazi zuen belarriprest rolean badagoela «hobetzeko tartea» oraindik ere. Euskaraldian oro har ahobizi rola izan nagusi da, eta gogorarazi nahi izan du belarriprest rola ere, garrantzitsua izateaz gain, pertsona askorentzat «egoki-egokia» dela. «Rol hori ez da euskara pixka bat dakitenentzat, ez soilik beraientzat. Nafarroan, adibidez, euskara jakin arren, gutxi erabiltzen duen jende asko dago. Horren atzean oso bestelako arrazoiak daude. Herritar guztiak ez dira toki beretik abiatzen, eta belarriprest izatea Euskaraldiarekin bat egiteko aukera on-ona da».
Erakundeek duten erantzukizunaz mintzatu zen. «Gizartearen beharrei egoki erantzutea» dagokie, «nor bere aukeretatik abiatuta, baina arduraz. Erronka handia dugu».
Denek azpimarratu zuten euskararen erabilerari Euskaraldiak egiten dion ekarpena. Goiatz Urkijok ohartarazi zuen bezala, «beti aipatu dugu Euskaraldia dela euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko jauzia egiteko ariketa. Euskaraldiak, beraz, txapa jartzetik haragoko lanketa eskatzen du: hausnarketa, jarrera, bakoitzak bere burua erronkan jartzea…», eta herritarrek lehen urrats hori jada egin dezakete, izena emanda.
Izena ematea modu oso errazean egin daitekeela esan zuen Urkijok, webgunean bertan dagoen formularioa beteta. Izen emate horrek ahalbidetuko du gero Euskaraldiaren inguruko ikerketa egin ahal izatea, parte hartzaileen jarraipena egitea, txapak banatzea eta, batez ere, prestakuntza tresna eta aholkuak helarazi ahal izatea.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
