Israelek bederatzi palestinar hil ditu gutxienez, tartean hiru kazetari
Atzo, Israelen beste eraso baten eraginez, gutxienez bederatzi gazatar hil ziren Beit Lahian inguruan. Bestalde, Gazako iparraldeko Al Shida ospitaleko patiotik beste hamahiru gorpu atera zituztela aditzera eman zuen Gazatarren Defentsa Zibileko erreskate taldeak.

Gutxienez bederatzi gazatar hil ziren atzo Beit Lahian, Gazako iparraldean, drone israeldar batek pertsona talde bati eraso egin ostean, bertako medikuek aditzera eman zutenez.
«Bederatzi martiri eta hainbat zauritu, kasu kritikoak barne, duela gutxi iritsi ziren Indonesiako Ospitalera, Gazako Zerrendaren iparraldean, Israelek Zerrendan etengabe egindako erasoaren ondorioz», esan zuen Gazatarren Osasun Ministerioak ohar batean. Droneak hildakoen artean Mahmud Saleem kazetari palestinarra dago, Al Jazeera Qatarko hedabideak ezagutzera eman zuenez. Beste bi kazetari ere hildakoen artean zeudela jakinarazi zuten iluntzean.
Beit Lahian «Israelgo tropentzat mehatxua zen drone bat» erabiltzen ari omen ziren ustezko bi milizianori eraso egin ziela baieztatu zuen Israelgo Armadak komunikatu baten bidez, baita dronea jaso zuten beste pertsona batzuk zihoazen ibilgailu bat bonbardatu zuela ere.
Hamaseko hedabideen bulegoak esan zuen azken eraso hori Israelek egindako «gerra krimenen jarraipena» dela, eta «nazioarteko lege eta konbentzio guztiak mespretxatzen» dituela.
Larunbat goizean Israelgo Armadak esan zuen hiru laguneko talde bati eraso ziola, ustez «lehergailuak jartzen» saiatzen ari zirelako Netzarim korridoretik hurbil, Gazako hiriaren hegoaldean.
Gazako Zerrendan 2025eko urtarrilaren 19an indarrean sartu zen su eten akordioa gorabehera, ehun palestinar inguru hil dira Israelek ia egunero egindako erasoetan, Hamaseko Osasun Ministerioaren datuen arabera.
BI EGUNETAN, 60 GORPU
Gazako iparraldeko Al Shifa ospitaleko patiotik 13 gorpu atera zituzten Gazatarren Defentsa Zibileko erreskate taldeek, atzo zabaldutako ohar baten arabera. Gainera, joan den ostegunean 48 gorpu berreskuratu zituzten.
«Bigarren egunez jarraian, gure taldeek 13 martiriren gorpuak eraman dituzte, identifikatu gabeko hiru gorpu barne, eta Shifaren konplexu medikoaren barruan lurperatu zituzten Gazan, sarraski gerran», adierazi zuen Gazako Defentsa Zibilak bere Telegram kanalean. «Gorpu garbi horietako batzuk beren familiei eman zitzaizkien, hilerri ofizialetan ehorzteko. Identifikatu gabeko gorpuak, berriz, Osasun Ministerioko Auzitegiko Medikuntza Sailean utzi ziren», zehaztu zuten testuan.
Al Shifa ospitalea Israelek setiatu zuen lehenengo aldiz 2023ko azaroaren erdialdean, gerra garaian, eta berriro 2024ko martxoan. Inguruak “in promptu” hilerri bihurtu ziren ehundik gora hildakorentzat, zentrotik alde egiteko ezintasunaren ondorioz. Eta bertan dauden 160 gorpuak erretiratzeko zailtasunak izango dituztela esan zuten.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
