«Presiorik ez izateak ‘White Zombie’ flash-ean kateatzea lagundu dit»
Eneko Carretero zulagailuaz harrapatu dugu, Biwak rokodromoan blokeak osatzen. Hori da egun duen lan profesionala, baina denbora ateratzen du harkaitzean eskalatzeko. Bere azken jardun azpimarragarria “White Zombie” (8c, Baltzola) izan da. Flash eran bide horren lehen igoera egin du. Zulagailua utzi eta tarte bat hartu du GARArekin hitz egiteko.

Baltzolako bide mitikoa flash estiloan sinatu berri du 23 urteko zumaiarrak. Lehiaketen etapa atzean utzi duenetik, eskalatzailea arrokara eginiko trantsizio batean aurkitzen da. Eta momentuz emaitza ederrak erdiesten ari da.
Eneko Carretero gipuzkoarra zulagailuaz harrapatu dugu. Hain zuzen ere, blokeak osatzen Biwak rokodromoan. Hori da gaur egun duen lan profesionala, baina denbora ateratzen du harkaitzean eskalatzeko. Bere azken jardun azpimarragarria “White Zombie” (8c, Baltzola) izan da; flash eran bide horren lehen igoera egin du. Zulagailua utzi eta tarte bat hartu du GARArekin jardun horri buruz mintzatzeko.
Ezustekoa izan da zuretzat “White Zombie” flashean egitea? Ia zure maila gorena berdindu duzu.
Egia da orain arte lehiaketen munduan erabat murgilduta egon naizela, eta arrokan bide gogorrak ez ditudala egin. Ia denak maila antzekoak izan dira. Bai, ezustekoa izan da, besteak beste, arrakasta lortzeko itxaropen handirik ez nuelako. Hala ere, onartu behar dut topera joan nintzela. 8b+ estilo horretan eginda neukan, baina 8c gauza handia iruditzen zitzaidan.
Hala ere, ez dut uste erabateko ezustekoa izan denik ekimen hau. Izan ere, egun batzuk lehenago, Margalefen, “Darwin dixit” ia flash-ean kateatu zenuen. Eta bide hori ere 8c da.
Marra hori %100ean nire estilokoa da. Buruan neukan, baina bide horretan ere, arrokan oso gutxi aritu nintzenez, ez nuen espektatiba handirik.
Nahiz eta harkaitzera eginiko trantsizio horretan zauden, argi eta garbi erakutsi duzu oso sasoiko zaudela.
Bai, ez dut zalantzarik. Maila fisiko oso ona dut, eta hori azken urteotan lehiaketak prestatzeko egin ditudan entrenamenduek eman didate. Kirol eskaladan gogor jarduteko oraindik errodajea falta zait. Txikitan asko eskalatu dut, baina, ondoren, lehietan topera sartu nintzen eta arroka asko baztertu nuen. Prozesu horretan nago, baina badakit ez naizela hutsetik abiatu.
Zergatik aukeratu zenuen “White zombie”? Flashean egiteko egokia delako, bideoen bidez informazio asko eskuratzeko aukera dagoelako, izaera horretako bide asko ez daudelako…
Nahiz eta marra luzea den, “White zombie” bide fisikoa da. Arestian aipatu dut itxaropen gutxi nuela. Helburu hori neukan, baina egunean egin izan banu edo ekinaldi oso gutxitan, pozik geratzeko arrazoiak nituen. Ibilbide horrek duen historiarengatik ilusio handia egiten zidan probatzeak. Lehiek asko lagundu didate memoria sendotzeko; badakizu bisualizazioa oso garrantzitsua dela.
Horretaz gain, bideo batzuk eta hainbat eskalatzaile bide horretan ikusi ditut. Metodoak ezagutzen nituen, eta kateatu nuen egunean eskalatzaile baten jarduna ikusi nuen. Oinak non jartzen zituen oso baliagarria izan zen. Aipatu behar dizut ere, lehen saialdian topera estutzeko mentalitatearekin joaten naizela. Eta uste dut hori arrakastaren giltzetako bat izan dela.
Flash estiloak soilik ekinaldi bat onartzen du. Tentsioa eta presioa izan al zenituen igoera horretan?
Ezta gutxiagorik ere. Lasai joan nintzen; oso-oso kontzentratuta. Den-dena ondo ateratzen ari zen. Banekien mugimendu gogorrena goiko aldean zegoela, eta puntu horretara indarrez iritsi behar nuela. Fisikoki indartsu nengoen, eta besaurreak nekatu gabe. Itxaropen gutxi nuenez, presioak ez zuen lekurik izan.
Zer garrantzi ematen diozu lortu berri duzun arrakasta horri? Kontuan hartu behar da “White zombie” flash eran egiten zu izan zarela lehena.
Egundoko motibazioa eman dit, besteak beste, igoera horrek erakutsi didalako gai naizela maila gogorragoak egiteko. Orain arte zalantza ugari izan ditut. Indartsu nengoen, bai, baina helburuetan nola ibiliko nintzen ez nuen batere argi. Bide zailagoak probatzeko indar handia eman dit.
Jakina, flashean 8c egiteak, besteak beste, landutako bideetan oraindik koska batzuk gainditzeko ateak zabaltzen dizkizu. Hortaz, ziur nago zeure buruan makina bat erronka jira eta buelta ibiliko direla.
Hala da. Baina lehiaketetan gertatu ez bezala, orain ez dut batere presarik. Zuk aipatu duzun trantsizio horretan denbora gehiago behar dut; pazientzia ere bai. Lehietan “murru” baten aurka behin eta berriz talka egiten nuen. Orain, berriz, prozesu horretan ikasten nabil. Horregatik, arrokan askoz ere gehiago eskalatu behar dut (bide errazagoak ere) oinarri hori sendotu ahal izateko. Egun, 8c mailako bost bide ditut, eta hori ez da asko.
Neure burua prest ikusten dudanean, orduan marra gogorrei ekingo diet. Etorkizun hurbilean 8c eta 8c+ gehiago egin nahi ditut. Eta gero gerokoak! Ez dut 9a zailtasuneko ibilbiderik, baina helduko da. “Il domani” (9a, Baltzola), adibidez, bere garaian probatu nuen. Poliki joango naiz, tentuz eta gauzak ondo egiten saiatzen.
Kirol eskaladako helburuak dira, baina boulderrari buruz ez zara ezer ere aipatzen ari.
Jendeak uste du horretan espezialista naizela, eta nik sokarekin askoz ere gehiago eskalatu dut. Garai kontuak dira. Aste Santuan, adibidez, soka gorde eta Alcañizera (Teruel) joango naiz bloke egitera. Kirol eskalada eta boulderra elkarrekin uztartzen ditut, hori da motibatzen nauena. Eta ez soilik horietako bat egiteak. Hots, bietan ala bietan indartsu sentitu nahi dut.
Lehiak aipatu ditugu, eta irakurleari gogoratu behar diogu, oso gaztea bazara ere (23 urte), iaz etapa hori atzean uzteko erabakia hartu zenuela. Txapelketekin buru-belarri egoteak arroka ia baztertzera eraman zintuen.
Bai, horrela izan zen. Etapa horretan, urtean soilik lautan joaten nintzen kirol eskalada egitera. Ez naiz Mikel (Linacisoro) bezalakoa; nire lagunak ondo uztartu ditu lehiak eta arroka. Hala ere, ez dut drama bat bezala ikusten. Diodan bezala, etapa bat izan zen.
Ondorio baikorra ateratzen duzu, eta horrekin argi uzten duzu etapa horrek merezi izan zuela, ezta?
Bai, bete ninduen. Asko entrenatu dut, eta horrek oinarria jarri dit 8c hori flashean egiteko. Lehiek maila handia eman didate. Urte luze horietan txapelketak nire bizitza izan dira, eta horietan, asko bidaiatzeaz gain, lagun asko egin ditut. Onartu behar dut ere gorabeherak izan ditudala. Ez naiz ezeren damu; lehiek den-dena eman didate eta oso motibatuta egon naiz.
Etapa hori atzean utzi dut, baina kanpoko kontuengatik. Ez da burutik nekatuta nengoelako. Zurrunbilo batean sartu eta lehertu nintzen. Zalantzarik ez dut: lehiekin asko gozatu dut. Adibidez, duela gutxi Zarauzko Mastersean egon nintzen. Ez nuen batere presiorik, eta irabazi egin nuen. Gogor entrenatzen segitzen dut, baina beste era batera, askoz ere lasaiago. Eta ohartu naiz jarrera hori egokiagoa dela. Ez dut baztertzen urtean behin txapelketa batean parte hartzea, baina beste jarrera batekin joango naiz.
Zalantzarik gabe, lehien etapa horretan erdietsitako emaitzen artean bada bat nabarmendu behar duguna: 17 urterekin, Moskun, Boulderreko Munduko Txapelketan sinatutako zilarra Youth A kategorian.
Horren inguruan zuk eta biok hitz egin genuen. Eta bat nator zurekin. Egundokoa izan zen. Zailtasuneko modalitaterako asko entrenatu nuen, eta boulderra askoz ere gutxiago. Eta begira emaitzak. Presorik gabe joan nintzen, eta txapeldunorde bihurtu.
Pena dut nazioarteko nagusien mailan emaitza onik ez lortzeagatik. Oinarria bikain sendotuta nuen, baina…
Kirol eskaladara itzuliz, aurreratu behar dugu 8b duzula bistan, 8c flashean eta 8c/+ landuta. Estilo horietatik zein da gehien erakartzen zaituena?
Lehen biak. Landutako proiektu batek buruari asko eskatzen dio, eta hori kudeatzea ez da erraza. Nire asmoa da helburu bat hartu eta gogor borrokatzea; hots, prozesua samurra ez izatea. Garai batean porrotari beldur handia nion. Margalefen egon naizenean, proiektuen inguruan zer nolako jarrera hartu behar den asko ikasi dut Jorge Diaz Rullo eskalatzaile bikainarekin. Prozesuarekin asko disfrutatu behar da, eta ondo kudeatu.
Egun, bistan edo flashean baino landutako bide batean arrakasta lortzeak ilusio handiagoa egiten dit. Adibidez, 9b mailako bat egiten badut, neure buruari aurre egin diodalako da. Borroka mental horrek erakartzen nau; izan ere, helburu horretara erabat perfektu heldu behar duzu. Beste estiloak ezberdinak dira. Adibidez, 9a flashean egiten badut, horrek argi adierazten du maila handiago batean nagoela. Baina, diodan bezala, landutako proiektu batek ilusio gehiago sortzen dit.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
