EH Bildu: «Etxebizitza eskubideak ezin du Monopoly partida bat izan»
EH Bilduk etxebizitza-eskubidea gauzatu dadin, herriz herri «dinamika mobilizatzaile» bat abiatuko du, «Etxebizitza ez da jolasa» lemapean. Monopoly jolasarekin Donostian egindako performancearen bidez jakinarazi zuten atzo beren esku dauden tresna juridiko, politiko eta ekonomiko guztiak martxan jarriko dituztela.

Donostiako Gipuzkoa plazan atzo goizean «munduko lehen Monopoly partida kaletarra» jokatu zuten; trajedun aurkezleak esan zuen moduan, «partida eskisitoa» hirian bizi nahi dutenentzat. Bost parte-hartzaile aritu ziren jokoan, dozenaka hiritar inguruan begira zituztela. Horrela aurkeztu zuen EH Bilduk herriz herri martxan jarriko duen etxebizitzaren inguruko mobilizazio dinamika berria; «etxebizitza ez delako jolasa», beraien lehentasunetan duten auzia dela adierazi zuen Oskar Matute diputatuak.
Grosen etxebizitza bat milioi bat euroan erosteko aukera, hileko 1.800 euroan alokatzekoa edota erdialdean 2.200 euroan; halako «aukera apartak» zeuden jokoan.
Bazeuden kutxatila okerragoak ere, metroko obrak ordaintzea edota “etxegabetzea” izenekoa; alegia, «etxetik bota zaituzte luxuzko apartamentuak eraikitzeko».
Parte-hartzaileetako batek azaldu zuen berak Donostian etxebizitza jabetzan baldin badu ere, seme-alabek kanpora joan behar izan dutela bizitzera, eta «hirira itzul daitezen» jokatuko zuela partida. Gurasoenetik emantzipatzeko hartu du parte gazte batek, bestela «ezinezkoa» delako. Kontzientziazio lana egiteko abiatuko du etxebizitzaren inguruko dinamika herriz herri EH Bilduk.
ETXEBIZITZA ESKUBIDEA
Matutek gogoratu zuen duela urte asko bihurtu zela etxebizitza eskuratzea Euskal Herriko «arazo nagusi» eta «eraikuntza enpresa handien zein inbertitzaile handien aldeko politika masiboek» ia ezinezkoa bihurtu dutela jendearentzat etxebizitza bat lortzea. «Luxu bihurtu dute» salatu zuen, eta etxebizitza duin bat erosi edota alokatu nahi duenak «etengabeko Monopoly ginkana bat» bizi behar duela.
Gehitu zuen «egoera tamalgarri hau» sortu duten alderdiek orain «salbatzaile» bihurtu nahi dutela «puntu honetara ekarri gaituzten errezeta berdinekin». Gaineratu zuen lehengo politika berak «makillaje moduan aplikatzea» ez dela konponbidea, eredu bat iraunaraztea baizik, «hain zuzen ere, jendea etxebizitza duin bat lortzetik kanpo uzten duen eredua, eraikitzaile handien eta putre funtsen patrikak loditzeko».
EH Bilduren iritziz, herritarren ongizatea lortzea izan behar da ezein alderdiren helburu, eta ondorioz, «batzuek konponbideak blokeatzen» jarraitzen duten bitartean, koalizio independentistak eskubide hori bermatzeko konpro- misoa hartzen duela. Oroitu zuen koalizioa «aitzindaria» izan dela tresna berriak martxan jartzen etxebizitza politikei dagokienez, «eta irtenbide errealak bilatzen jarraituko dugu», zin egin zuen.
ETXEBIZITZA, LUXU
Izar Hernando Donostiako zinegotzia ere kritiko mintzatu zen hiriaren egoeraren inguruan: «Etxebizitzak aspaldi utzi zion eskubide izateari luxu bilakatzeko, eta horren adibide dira azken hamarkadan hiria utzi behar izan duten 4.000tik gora gazte donostiarrak, eta bitartean, 3.000 inguru dira jabe handien eta putre funtsen eskuetan dauden etxebizitzak».
Hirian babestutako etxebizitzak %4 inguru direla azaldu zuen, «legeak markatzen duen %20tik oso urrun», eta gaineratu, Donostian «etxebizitzaren negozio hutsa egin nahi duten horiei» hala egiten utzi zaiela. «Babes publikoko etxebizitza sustatu behar da determinazioz eta alokairura bideratuz, etxebizitza hutsei kanona aplikatu behar zaie, Azpeitian egin den bezala, eta Donostia behingoz tentsionatutako eremu izendatu behar da alokairuaren prezioa mugatzeko», aldarrikatu zuen.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
