GARA
ARRATZU

Langile bat hil da Arratzun teilatu batean elektrizitate deskarga jasota

S.F.P., 62 urteko langilea, zendu zen atzo Arratzun, teilatu baten gainean lanean ari zelarik, elektrokutatuta. Teilak garraiatzeko erabiltzen ari ziren garabi-besoak goi-tentsioko kable bat ukitu zuenean jaso zuen deskarga, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez.

ELA, LAB eta CCOO sindikatuek jakinarazi zutenez, gizonezkoa Amuriza Cubiertas Teilatuak enpresarentzat ari zen lanean.

Istripuaren ikerketaren emaitzen zain, «lantokietan bizi ditugun baldintza eskasek laneko ezbehar-tasa areagotzen dute, eta istripuen arrazoien atzean» daudela esan zuen ELAk.

Makinen erabilerak formakuntza zehatza eskatzen duela esan zuen LABek, eta beso-garabienak «are zehatzagoa». Gaineratu zuenez, «eraikuntzan gainera, araudi berezia dago, arriskuak hala behartuta. Goi tentsioko instalazioen presentziari, gainera, errekurtso prebentiboaren presentzia eta lanaren planifikazio egokia dagozkio halabeharrez. Oraingoan, bistan da ez direla gutxieneko baldintzak bermatu».

MOBILIZAZIOA LEMOAN BIHAR

Lan istripu hilgarri honen aurrean, intersindikala osatzen duten LAB, ESK, Steilas, EHNE Etxalde eta Hiru sindikatuek mobilizazioa egingo dute bihar, 12.00etan Lemoan, Amuriza Cubiertas y Rehabilitaciones enpresaren aurrean.