Arnaitz GORRITI
AZPEITIA
PASAIAKO 1984KO SEGADAN HILDAKOAK, BIKTIMA GISA AINTZATETSIRIK

Aitortza erdietsita ere, hildakoen senideek «justizia bila» segituko dute

«Gure gurasoek izan ez zuten justizia gure seme-alabek jaso dezatela», adierazi zuten atzo Pello Aizpuru, Carlos Delas, Javier Izura eta Arantza Isart Badiola senideek. Biktima izaeraren aitortza berandu etortzeaz gain, egileen inpunitatea salatuz, Sekretu Ofizialen Legea aldatzea eskatu zuten, baita larunbatean Azpeitian izango den ekitaldira dei egin ere.

Pasaian 1984an hil zituztenen senideak, atzo, Azpeitian egin zuten agerraldian.
Pasaian 1984an hil zituztenen senideak, atzo, Azpeitian egin zuten agerraldian. (Jon URBE | FOKU)

Larunbat honetan, martxoaren 22an, 41 urte beteko dira Rafael Delas ‘Txapas’, Pedro Mari Isart ‘Pelitxo’, Jose Mari Izura ‘Pelu’, eta Dionisio Aizpuru ‘Kurro’, Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak, Polizia espainolak hil zituela Pasaiako badian.

Lakuako Gobernuak joan den astelehenean aurreratu zuen 2025eko martxoaren 24an, astelehenez, haien lau senidek biktima izaeraren aitortza ofiziala jasoko dutela. Aintzatespen hori nolabaiteko pozez onartuta ere, senideek «justizia bila» segituko dutela adierazi zuten atzo Azpeitiko Basazabal jauregian egindako agerraldian.

«Gure gurasoek bizirik jaso ezin izan zuten errekonozimendu hori justizia bihurtu dadila. Guk 20 urte inguru genituen gure anaiak erail zituztenean, eta 60 urte pasatu ditugu. Bizi garen arteko aitortza egin behar badugu, hala egingo dugu, baina gure gurasoek izan ez zuten justizia gure seme-alabek jaso dezatela gutxienez», esan zuen Pello Aizpuruk, Dionisio Aizpuru zenaren anaiak.

Denbora asko igaro bada ere 1984ko martxoaren 22 hartatik, emozioek oraindik badute lekua, Pello Aizpuru, Carlos Delas, Javier Izura eta Arantza Isart Badiola senideek burutu zuten prentsaurrekoan nabarmen geratu zen moduan. «Azkenean onartu dute gure anaiak ez zirela ‘enfrentamendu’ baten ondoren hil, ‘exekuzio estrajudizial’ bat izan zela baizik. Min handia eman izan digu denbora honetan guztian ‘enfrentamendu’ hitzak, horrek ezkutatu nahi izan duelako pertsona bat, Rosa Jimeno, bortizki torturatu egin zutela, segada hau prestatzeko eta segada hau sarraski bihurtzeko, eta azkenean sarraski hau agindu eta egin zutenek inpunitate osoz kalean jarrai dezaten», azaldu zuen Aizpuruk.

«Nire anaiari 36 bala sartu zizkioten, horietatik zazpi garondoan. Orotara, 113 bala zulo jaso zituzten laurek. Hori ez da ‘enfrentamendu’ bat. Hori, akusazio partikularreko Miguel Castells abokatuak dioen bezala, Estatu espainolean demokrazia ezarri denetik jazo den krimenik latzena da», gaineratu zuen, Paco Etxeberria forentsearen lana aipatuz. «Autopsiak lehenengo egunetik erakutsi zuen segada baten ondorengo sarraskia izan zela, baina garai hartako epaileak hiru hilabeteren buruan ‘delitu zantzurik’ ez omen zuen aurkitu eta kasua ixtea erabaki zuen. Berrogei urte eman ditugu Estatuaren hormaren kontra, azkenean aitorpen hau heldu den arte».

LEGEAK ETA AITORTZA

Lau mezutan laburbildu zuten atzo goizeko prentsaurrekoa lau senideek. Batetik, «bazela garaia aitortza ofiziala jasotzeko», nahiz eta Lakuarekin jarrera «kritiko positiboa» azaldu, era berean. «Irailean hots egin ziguten aitortza iritsiko zela esanez, baina ‘bizpahiru hilabeteko tramite burokratikoak’ beharko zituztela, ofizial egin arte. Erregutu genien tramite horiek azkartzeko, nire ama osasunez oso justu zebilelako artean. Baina azkenean, ‘bizpahiru hilabete’ horiek sei hilabete bihurtu dira eta tartean nire ama hil da, eta oraindik ez zaigu aitorpenik iritsi [aitortza ofiziala hilaren 24an jasoko baitute]. Hori baino sentikortasun handiagoa merezi dugu guk ere, besteak bezala gu ere biktima garen heinean», adierazi zuen Pello Aizpuruk.

Bigarrenik, «hau ez da hemen geldituko. Hori egin zutenak inpunitate osoz kalean dabiltza», azpimarratu zuen Arantza Isart Badiolak. «Sarraski hau agindu eta burutu zutenak inpunitate osoz kalean dabiltza. Horregatik, onarpena jaso eta eskertzen dugun arren, justizia egin arte aurrera segituko dugu», adierazi zuen. Alde horretatik, Estatuan eta nazioartean dauden zirrikituak aztertuko dituztela azaldu zuten.

Hirugarrenik, «justizia egiteko bidean, Sekretu Ofizialen Legea aldatzea eta isilduta dauden kasuak desklasifikatzea ezinbestekoa da», zehaztu zuen Isart Badiolak.

Carlos Delasek gehitu zuen moduan, «garai hartan gurea bezalako kasu gehiago ere izan zirela denok dakigu. Guk 2019an aurkeztu genuen gure kasua Eusko Jaurlaritzaren batzorde horren aurrean. Denbora asko pasatu da eta agonia luzea izan da, ziurrenik batzorde horrek ez duelako behar bezalako baliabiderik izan lana arinago egiteko. Gurearen ondotik, Eusko Jaurlaritzaren aurrean aurkeztuko diren kasu horiek askoz erantzun azkarragoa behar dute. Izan ere, gu baino okerrago dagoen jendea oraindik badago».

HERRIAREN LAGUNTZA

Azkenik, senideek ohartarazi nahi izan zuten «lorpena hau ez dela gure bakarrik; gure ondoan laguntzen eta babesa ematen egon diren guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu», esan zuen Aizpuruk.

Horregatik, hilaren 22an, larunbatean, 19.00etan, Azpeitiko azoka plazan «Pasaiako sarraskia argitu!» 41. urteurren deialdia egin zuten. «Deialdi hau urterokoa den arren, aurten are eta indartsuago burutu nahi dugu», nabarmendu zuen.

Horren harira, hain zuzen, Arantza Isart Badiolak Azpeitian eta Pasaian bertan hildako lau gazteen aldeko oroigarria «bandalizatuta dagoela» gogorarazi zuen. «Instituzioek, behin gure senideen biktima izaera onartua denean, zerbait egin beharko dute», aipatu zuen, «orain arte kontu hauez familia artekoak bakarrik oroitu gara-eta».

Amaitzeko, gogoeta garratz bat egin zuen Pello Aizpuruk: «Zer gertatuko zatekeen senideak kasu honetan, berrogei urte hauetan etengabe, ekin eta ekin aritu izan ez bagina? Instituzioek ez digute laguntzarik eskaini; ez laguntzarik, ez hilketengatik gaitzespen mezurik, ez besterik. Herriak bai, eta eskerrak eman nahi dizkiegu Azpeitian, Pasaian eta Iruñean laguntza eskaini diguten guztiei, edo kasua oroimenean bizirik mantendu duten kultur ekimen ezberdinei. Baina, itxura batean, instituzioengatik izan balitz, kasu hau aspaldi ahaztuta zegokeen», amaitu zuen Dionisio Aizpuru zenaren anaiak.