IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Dikotomiak zalantzan, eta «Ehun zaldi trostan»

Ignacio Aldecoa beka irabazi zuen Ainhoa Urienek (Abadiño, 1995). Bultzada horrekin idatzi ditu zazpi kontakizun, autonomoak direnak, baina txirikordatuak.

Ainhoa Urien, argitaratu berri duen «Ehun zaldi trostan» ipuin liburua eskuan.
Ainhoa Urien, argitaratu berri duen «Ehun zaldi trostan» ipuin liburua eskuan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Esateko nituen gauza batzuetatik sortu da liburu hau. Gogoa izan dut, interesa izan dut dualismo batzuk arakatzeko eta haiek elkarrizketan jartzeko», esan zuen Ainhoa Urienek atzo goizean Donostian egindako aurkezpenean, bere lehen ipuin liburua argitaratu berritan, "Ehun zaldi trostan".

Ipuin bakoitzean dialektika bat sortzen ahalegindu da, eta azaldu zuen dialektika hori izan daitekeela bi espazioren, bi munduren, sentimenduren artekoa, «jendea ez baita zuhaitza bere lurrari betiko lotzeko». Dikotomia gisara ulertu ohi diren edo ulertzen diren elementuetan, aurreiritzi hori zalantzan jarri nahi izan du, eta zehaztu zuen: «Badaude biko batzuk: baserria eta hiria, joan eta etorri, izena eta izana, ihes egin eta iraun, hemen egon eta han habitatu, ezer galdu gabe denari eutsi ezina…».

«Dialektika batzuk esploratzen eta atzean dituzten ustezko dikotomiak zalantzan jartzen saiatu naiz, habitatzen dudan munduak ematen dizkidan elementuak fikzionatuz», adierazi zuen.

IPUINAK, NOBELA TRAZAN

Ipuin liburu bat idatzi du, baina «nobelaren trazak» ditu idazlearen ustez, izan ere, ipuin bakoitzak modu autonomoan funtzionatzen badu ere, elkarren arteko loturak daude. Urienek azaldu zuen generoen «hibridazioa» interesatzen zaiola, eta formaren kasuan ere, edukiarenean bezalaxe, elkarrizketan ulertzen duela kontatu du: «Uste dut edukia eta forma elkar sostengatzen direla; indarra ematen zion horrela egiteak, txirikordatzeak».

Aurkezpenean, Irene eta Iban pertsonaiak aipatu zituen idazleak, baina pertsonaia gama zabaltzen joango da liburuan barrena: «Liburuko pertsonaia batzuk ipuin batzuetan bigarren mailako pertsonaia bezala agertzen dira, baina bakoitzak badu bera protagonista den ipuin bat. Niretzat perspektiba ezberdinetatik begiratze hau interesgarria izan da, bigarren mailako pertsona bezala agertzen direnean gauza bat iradokitzen dutelako, eta gero, protagonista diren ipuinean, beste gauza bat dira».

Pertsonaiek partekatzen duten elementuetako bat «etxe edo babes bila» dabiltzala dela azaldu zuen Urienek, «leku bat topatu guran, agentzia bat eman nahian euren buruei, funtsean identitate batekin edo batzuekin konektatu nahian».

NARRATZAILE EZBERDINAK

Bi ipuinetan izan ezik, gainerakoetan narratzaile batek kontatzen ditu ipuinak. “Olinpiadek lasaitu egiten naute” ipuina lehenengo pertsonan idatzi zuen; «irakurleari zuzenean kontatu nahi nion apur bat interpelatuz edo», zehaztu zuen. Narratzaile batek kontatzen ez duen bigarrena “Atzera kontaketa bat katastrofera” da. Animalien ahotsa jasotzen du, eta ipuin honekin zalantzak izan zituela aitortu zuen, antropozentrista samarra ote zen, eta zilegitasunaren inguruko zalantzak izan zituela. Espezie harremanen inguruan hausnartu zuen: «Niri baserriak, besteak beste, hori erakutsi didalako: gurekin batera munduan dauden izaki eta elementuei agentzia propioa aitortzen».

Galdera bat pausatu zuen: «Zuek zein pertsonatan hitz egiten duzue zuen buruarekin?». Hirugarren pertsonan idatzi dituen bost ipuinetan narratzailea «ahots bat izan da, esan nahi nuena adierazteko», esan zuen.