«Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976» liburua, garai hartako argazki memoria bat
Goenagaren bizitzaren zati bat argazki bidez laburtzeko asmoz egin dute “Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976” liburua, Bilboko Arte Ederren Museoak argitaratu duena. Mikel Lertxundi historialariaren eta Joseba Zulaika idazlearen testu banak laguntzen du erakusketatik abiatuta ondutako «argazki memoria».

Juan Luis Goenaga margolariaren (Donostia, 1950- Madril, 2024) bizitzako etapa jakin bat bildu dute “Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976” liburuan, izenburuak esaten duen bezala, Alkizan igarotakoa. Hain zuzen ere, urte haietan egindako argazkiak biltzen dituen liburu bat argitaratu du Bilboko Arte Ederren Museoak. Atzo egin zuten lehenengo aurkezpena Tabakaleran. Argitalpen berean bildu dituzte euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko testuak.
Goenagak 1971 eta 1976 urte bitartean Alkizan egindako egonaldietan oinarritutako erakusketaren harira etorri zen liburua egiteko ideia. Zugaza zuzendariak azaldu zuen testuingurua azaltzea zela helburu nagusia, artistak «Alkizan bizi izan zuen une esperimentala» eta naturarekin izan zuen harremana kontatzearekin batera.
BOST ATAL NAGUSI
Lehen aldiz bildu da garai hartako «argazki memoria», izan ere, liburuan urte horietan Goenagak egindako zuri-beltzezko ia irudi guztiak biltzen ditu, 221 hain zuzen ere. Irudiak bi saiakerarekin batera aurkeztu dituzte, Mikel Lertxundi historialariak eta liburuaren editoreak idatzitako “Eguneroko harriduren bosturtekoa” batetik, eta bigarrenik “Nik ez dut koadro hau margotu. Hilabete Goenagarekin Alkizan’, Joseba Zulaikarena.
«Jatorrira bueltatu gara», aitortu zuen Lertxundik: «Goenagaren lanetan naturaren inbertsioak daukan garrantzira itzuli gara». Eta zehazki, hori «praktika fotografikoaren» bidez nola egin zuen ikertu eta jaso dute. Irudiak bost bloketan banatzen direla azaldu zuen Lertxundik. Lehenengoan Antton Elizegik Goenagari mendian ateratako argazkiak daude, «praktika baten erregistroa» bezala definitu zuena liburuaren editoreak. Bigarrenean Goenagak egindako argazkiak daude, «bitakora koaderno» gisara hartua izan daitekeena; Lertxundik esandakoaren arabera, bertan sumatzen da Jose Migel Barandiaran ezagutzen zuela, «bideari eta denboraren iragateari ematen dio garrantzia».
Hirugarrenak album itxura du eta, argazki batzuk galduta badaude ere, bertan zituen oharrak mantendu dituzte, 1973 ingurukoak direla kontatu zuten, bere lehen erakusketak hasten diren garaikoak. Laugarren atala bete-betean sartzen da argazkigintza esperimentala deiturikoan, «mezu baten koherentzia ikusten da argazkien eta garaian egiten zituen margoen artean. Mitologiak, gauak, edertasunak, arbasoek… indarra hartzen dute». Eta bosgarren atalean bere hiru autorretratuk bukaera ematen diote liburuari, 1977 edo 1978koak direla zehaztu zuen Lertxundik, eta Goenaga bizkarrez ateratzen da, baserritik irteten.
MARGOTZEAREN TRANTZEA
“Nik ez dut koadro hau margotu” testuan, Zulaika lagunak garai hartako Goenagarengana hurbiltzen du irakurlea, «gure iniziazioa izan zen artearen munduan», aitortu zuen. Eta kontatu zuen gaztetatik egon zirela «oso konektatuta» bera eta margolaria: biei interesatzen zitzaien izugarri euskal mitologia, «sorginen mundua zen guretzat mundua», esan zuen.
Hilabete berekin Alkizan pasatzeko gonbita egin zion Goenagak, eta Zulaikak gogoratu zuen margolariak gau osoa pasatzen zuela pintatzen eta berak egun osoa idazten, eta beraz gutxi egoten zirela elkarrekin. «Gau osoa trantze batean margotzen ibili ondoren beti esaten zidan koadro hori ez zuela berak margotu, eta ez zen metafora bat, berak literalki ez zuen koadro hori margotu, bere inkontzienteak edo trantze horrek margotu zuelako», adierazi zuen, eta izenburua horrexek eman ziola bere testuari.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
